Berroetako IV. Mendi Maratoi Erdia eginen dute igandean

Ttipi-Ttapa 2021eko maiatzaren 27a

Berroetako Mendi Elkarteak Baztango Udalaren laguntzaz antolatua, aurtengo mendi martxa Nafarroako kluben arteko mendi lasterketen txapelketa ere izanen da. Maiatzaren 30ean 09:00etan abiatuko da lasterketa herriko plazatik.

Berroetako plazan 08:00etan elkartuko dira lasterkariak igandean dortsal banaketarako, beroketa zonaldera pasatuko dira eta ordu bat beranduago lasterketa abiatuko dute. Irteera 100 parte hartzaileko lau txandetan eginen dute; 09:00etan, 09:02an, 09:04ean eta 09:06ean.

Lasterketak 21,6 kilometro distantzia eta 1.274 metroko desnibela izanen du. 500 metroz musukoa soinean eraman beharko dute lasterkariek, adierazitako eremuraino, eta segurtasun distantzia mantendu beharko dute lasterketa guztian. Bortz hornidura postu paratuko dituzte erabilera bakarreko edalontziekin eskuragarri. Helmugara iristean parte hartzaileek musukoa paratu beharko dute berriz eta nahiz eta dutxarik ez izan, garbiketa gune bat sortuko dute hanka eta zapatilak garbitzeko.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun