Odola emateko aukera izanen dute asteazkenetik ortziralera Elizondon

Ttipi-Ttapa 2021ko mai. 24a, 10:00

ADONA Nafarroako odol-emaileen elkartearen unitate ibiltaria Elizondon izanen da aste honetan, maiatzaren 26etik 28ra. Asteazken eta ortzegunean arratsaldez egonen dira, 17:00etatik 20:30era. Ortziralean, berriz, 09:30etik 13:00etara.

Odola emateko, aurretik izena eman behar da eguna eta ordua aukeratuz www.adona.es web orrian. Ezinbertzekoa izanen da osasuntsu egotea, eta azken 28 egunetan koronabirusean positibo eman duen edo hala izateko susmoa duen norbaitekin egonez gero, ezin izanen da odola eman. Azken 15 egunetan sukarra edo katarroen sintomak izan dituztenek ere ezin izanen dute odola eman, ezta azken 30 egunetan Europako bertze herrialderen batean edo Europatik kanpo egon direnek ere (informazio gehiagorako: 848 422 570).

Bereziki zainduko dute garbitasuna eta eskuen higienea eta maskararen erabilera derrigorrezkoak izanen dira. Etxetik atera aitzinetik sukarra hartu beharko da eta 37 gradu edo gehiago izanez gero, ezin izanen da odola ematera joan.

Honez gain, txertoa hartu ondotik odola eman daitekeela oroitarazi dute, betiere bizpahiru egun igarota eta txertatuak erreakzio kaltegarririk izan ez badu.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun