Liburu bat euskaratu duzun lehenbiziko aldia da?
Bai, kostata baina azkenean egina dago. 2019ko azaroan hasi nintzen baina 2020ko otsailean utzi nuen, gogoa behar da eta bertze gauzetan nenbilen… Irailean berriz ekin nion eta abendurako akitu nuen lehendabiziko zirriborroa. Baztango egungo euskarara itzuli dut, jakinki garai hartan solastatzen zena ez dela gaur egun solastatzen dugun euskara. Lehendabiziko zuzenketa Bihotz Unanuak egin zidan, ondotik, Jon Jauregik hiketan jartzen lagundu zidan, toka eta noka. Hainbertze jenderi eman nien leitu zezaten eta azkenik, bederatzigarren zirriborroan gelditu naiz, aldiro zerbait aldatzen nuelako… Egia erran arras gustura ibili nintzen itzulpena egiten.
Istorioaren sinopsi labur bat?
1611n Erratzun pasatutako kasu bat kontatzen du. On Miguel Agirre apezak herritar batzuk sorgintzat hartu zituen, eta sorginak zirela onartu arte ez zizkien sakramenturik eman. Zenbaitzuk herriko etxe batzuetan preso hartu zituen. Baina 'sorgin' hauek salataria salatu zuten eta azkenean apeza izan zen Iruñean epaitu zutena.
Eta non du jatorria?
Felix Sanz Zabalza da liburuaren idazlea. 2013an, Las brujas de Burgui izeneko liburua argitaratu zuen. Iruñeko elizbarrutiko artxibategian pasatutako orduetan, Erratzuko apaizaren kontrako epaiketaren dokumentaziorekin egin zuen topo. Denbora anitz kosta zitzaion datu guztiak antolatzea, baina lortu zuen. Zoritxarrez, Las brujas de Erratzu izan zen bere azken liburua, 2016ko maiatzean zendu baitzen, 78 urte zituela. Nik Erratzuko ez sorginek deitu diot, jende hura ez zelako sorgina.
Zergatik bihurtu duzu antzezlan?
Ataunen Jentilen etorrera egiten zela leitu nuen eta hemengo zerbait egitea pentsatu nuenean Las brujas de Erratzu liburuaz oroitu nintzen. Liburua eszenaka dago eta horrek gauzak erraztu dizkit nahiz eta gero aldaketa anitz egin dizkiodan. Hasieratik antzezlana egiteko ideiarekin itzuli nuen, antzerkia betitik gustatu zaidalako eta herritarren arteko ariketa polita eta aberasgarria delako.
Zer kontatu nahi duzu lanarekin?
Alde batetik, Erratzuko historiako pasarte hau ezagutzera eman nahi dut eta antzerkia modu bikaina da horretarako. Bertzetik, historian zehar herritarren arteko liskar eta zatiketak anitzetan errepikatu direla erakutsi nahi dugu; mutil-dantzak direla, alardea dela... gaur egun ere 'sorgin ehiza' hori ematen baita.
Nolakoa izan da antzezlanaren garapen prozesua?
Gidoia prest zegoenean, Josune Gorostegi aktoreari lan hau zuzentzea proposatu nion eta segidan baietz erran zuen. Erratzuko kultur elkarteak beregain hartu zuen proiektua, Amaia Zinkunegik eta jostun talde batek arropez arduratuko zirela erran zidaten (Migeltxo Pruañok Baztan pelikulako arropak utzi dizkigu) eta soinu banda Amaia Kordoba herritarraren esku utzi nuen. Aktoreei dagokienez, herriko WhatsApp taldean proposatu nuen eta hasiera batean kostatu bazen ere, 40 lagunek eman zuten izena. Paperak banatu eta hirutan irakurketak egiteko elkartu ginen. Orain talde ttikiagotan lanean gabiltza, jolasen bidez gure pertsonaiei nortasuna emanez, mugitzen ikasiz…
Inoiz egin da Erratzun horrelako herri antzerkirik?
Nik dakidala ez. Jendea ilusioarekin ikusten dut, ongi pasatzen dugu eta hainbat adinetako herritarren artean sortzen den harremana eta giroa ezinhobea da.
Noiz eginen duzue antzerkia?
Udazkenerako egin nahi dugu, oraindik ez dakigu urrian edo azaroan. Printzipioz Erratzun egiteko asmoa dugu, baina nork daki zer pasatuko den ondotik, gu denerako prest.
Proiektua ongi ateratzen bada, gehiago etorriko dira?
Ez dakit gehiago etorriko diren, gidoia idaztera norbait animatzen bada, ziur nago gustura hartuko dugula berriz. Bertzenaz, tarteka hau errepikatzen ahal dugu.
Akitzeko, zerbait gehitu nahi duzu?
Eskerrak ematea bertzerik ez zait gelditzen; mila esker Felix Sanzeri istorio hau argitaratzeagatik, haren familiari eta Burgiko La Kukula elkarteari baimena eta animoak emategatik, erratzuarrei beti halako prestutasuna erakusteagatik eta proiektu honetan parte hartzen duzuen guztiei eta nola ez, Josune Gorostegi zuzendariari, mundiala zara!