Lekarozko Aroztegia proiektuaz

«Jendea izutzeko eta gibelerat egiteko bertze adibide bat dira azken zitazioak, baina ez gara tranpan eroriko»

Ttipi-Ttapa 2021ko mai. 20a, 09:00

Garbiñe ELIZEGI NARBARTE, Aroztak herri ekimeneko kidea

Hilabete eta erdi pasatu da Aroztegian obrak hasi zituztenetik eta geroztik egindako bidea ez da alferrikakoa izan, obrak geldiaraztea lortu baitute. Proiektuaren kontrako mugimendu handia sortu da, bai Baztanen bai Baztandik kanpo, eta egin dituzten mobilizazio jendetsuak dira horren erakusle. Aste honetan, ordea, kanpaldian parte hartu zuten hamar lagunek poliziaren aitzinean deklaratzeko Guardia Zibilaren zitazioa hartu dute. Bortxa delitua leporatzen diete. Ortziralean, berriz, batzarra eginen dute Elizondoko Iriarte frontoian.

Orain arte egindako bidearen inguruan nolako balorazioa eginen zenuke?

Arras balorazio positiboa egin dugu. Bide guztian babes handia izan dugu eta helburua lortu dugu, obrak gelditzea. Aldi berean, herritarren artean mugimendu indartsua sortu edo berpiztu da eta proiektu hau geldiarazteko prest dagoen jende aunitz ikusi dugu, hasieratik ikusi genuen bezala, arazo handia sortuko lukeelako. Lekarozen ondorio latzak izanen lituzke, baina baita Baztanen ere, antolaketaren, hizkuntzaren eta ingurumenaren aldetik proiektu hau ez da inondik inora defendatzen ahal. Alde horretatik pozgarria izan da jendea nola animatu den ikustea, bai kanpaldian, baita kanpotik laguntzeko ere, edo manifestazioan parte hartuta. Baztandik eta eskualdetik kanpo, Euskal Herri osotik eman digute babesa eta hori guretzat arras positiboa da, indarra ematen digu.

Larunbateko manifestazioaren bukaerako ekitaldia Lekarozen.

Larunbateko manifestazioa jendetsua izan zen. Antolatzaileen arabera, 2.500-3.000 lagun. Zein da Aroztak herri ekimenaren balorazioa?

Arras positiboa izan zen. Adin guztietako jendea animatu zen, bai Lekaroztik, bai Baztango bertze herrietatik eta kanpotik ere. Nafarroa eta Euskal Herri mailan ere atxikimenduak izan ditugu. Nabarmen gelditu da jendea ez dagoela proiektu hau onartzeko prest. Hortaz, mobilizatzen segitu behar dugu, Nafarroako Gobernuari hau geldiaraz dezan exijitu behar diogu.

Elkartasun mezu aunitz hartzen ari zarete, Baztanen eta Baztandik kanpo Euskal Herri mailan… Hori ere inportantea izanen da…

Bai arras inportantea. Gainera, hau ez da gure borroka bakarrik. Herri bat erasotzen dutenean, guztiok inplikatuak gaude eta guztion ardura da defendatzea. Kasu honetan, Lekarozi tokatu zaio, baina bertze hainbat eraso daude bai Nafarroan bai Euskal Herrian, eta horien kontra geure burua defendatu behar dugu, gure hitza errespeta dezaten eskatu.

Kanpaldian zeudenek obrak gelditzea lortu zuten.

Kanpaldia utzi zenutenetik zein martxa izan du Aroztak herri ekimenak?

Kanpaldia utzi genuenetik gure helburua manifestazioa arrakastatsua izatea izan da eta lortu dugu. Aste honetan berriz bilduko gara. Ortziralean, 19:00etan, Elizondoko frontoian batzarra eginen dugu eta hor zehaztuko ditugu hemendik aitzinera eman beharreko pausoak. Argi dugu itzuliko direla, ez dutela hain erraz etsiko ez badu Nafarroako Gobernuak bere aldetik gelditzen. Gure aldetik etorkizuneko estrategia bat landuko dugu eta orain arte egin dugun bezala, batzarrak egiten segituko dugu, eta egoeraren arabera, erabakiak hartu.

Etorkizuneko estrategia horretan zerbait aitzintzerik baduzu?

Momentuan ez dugu deus, ikusiko dugu batzarrean zer erabakitzen den. Hori bai, hainbat tokitan hitzaldiak emateko gonbidapen dezente hartu ditugu eta hori eginen dugu, etorkizunera begira, inportantea delako sozializatzea eta aliantzak sendotzea. Baina zer eta noiz izanen den zehaztu gabe dago.

Aste honetan hamar kidek epaitegitik zitazioa hartu duzue. Espero zenuten?

Ez gara harritu. Enpresa honek bere ibilbide osoan hori egin du: ordezkari politikoak, prentsaurrekoan parte hartu duten herritarrak, kanpaldian protesta egin dutenak… Edozein gauzagatik bide hori aukeratu du. Beraien sosak eta kontaktuak jazarpen judizialak egiteko erabiltzen dituzte. Hau bertze adibide bat baino ez da, jendea izutzeko eta gibelerat egiteko adibide bat. Baina gu ez gara orain arte gelditu eta argi dugu salaketa honengatik ez garela geldituko. Ez gara tranpa horietan eroriko. Hamar lagunek zitazioa hartu badute ere, hau herri oso baten kontrako erasoa da eta herri gisa erantzunen dugu.

Aroztegiko proiektuaren harira, Garbiñe Elizegi auzitegiko atarian.

Aroztegiko kontu honek lehen ere salaketak ekarri izan dizkizu. Guttienez hiru aldiz epaitegietan ibili zara…

Bai, hiru aldiz behinik behin bai, eta hiruretan alde batera gelditu da. Herritarren borondatea baldintzatu nahi dute. Beraien mezua ‘ez baduzu gurekin bat egiten, hau gertatuko zaizu’ da. Batzuetan lortzen dute, baina zorionez, ia gehienak ohartu gara zein den beraien jokoa eta ez du beraiek nahi duen eragina izan.

Aroztegiko proiektua geldiarazteko borroka aspaldikoa da. Bere garaian geldiarazi zen, baita orain ere. Baina oraindik ez da bukatu…

Ez, ez. Soluzioa Nafarroako Gobernuak udalez gaindiko plana bertan behera uztea izanen litzateke. Enpresa pribatu bati herritarren gainetik pasatzeko ahalmena ematea, herritarren lurrak eta lur komunalak bereganatzeko ahalmena ematea, ez da inondik inora onargarria. Hori lehenbailehen konpondu behar dugu eta hori konpontzeko Nafarroako Gobernuak egin behar du egin beharrekoa. Kontua da, ordea, orain arte isiltasuna bertzerik ez dugula ikusi eta horrek nabarmen utzi du beraiek ere argudio guti dituztela proiektu hau defendatzeko.

«Bakar batzuk diru publikoarekin aberastea lortzen dute. Hori da guk salatzen duguna eta horregatik ditugu guardia zibilak gibeletik, eta horregatik hartzen ditugu zitazioak epaitegietatik. Bitartean, hau egiten dutenak lasai aski beraien etxeetan daude»

Gobernuak zein interes izan dezake?

Behin baino gehiagotan erran dugun bezala, hemen horrela funtzionatzen dugu. Sistema ustel batean gaude, eta sistema ustel horrek politikari ustelak eskatzen ditu. Horren barnean saretze dinamika batzuk daude, bezerokeria dinamika batzuk, faborea faborearen truke egiten dutena. Gisa honetara, bakar batzuk diru publikoarekin aberastea lortzen dute. Hori da guk salatzen duguna, eta hori da onartzen ez duguna, eta horregatik ditugu guardia zibilak gibeletik, eta horregatik hartzen ditugu zitazioak epaitegietatik. Bitartean, hau egiten dutenak lasai aski beraien etxeetan daude, beraien kotxe eta txalet eleganteekin. Hori onartzen ez dugulako gaude gauden egoeran. Interesak hor daude. Gobernu honek eta orain arte Nafarroan izan diren gobernuek kapitalaren interesak defendatzen dituzte, eta ez herritarrenak.

Oraindik borroka luzea izanen dela uste duzu?

Ez da sekula jakiten ahal, baina espero dut ezetz. Nik uste herritarren erantzunaren araberakoa izanen dela. Guk azken hitza eta benetako boterea herriak duela sinesten dugu, eta hori erabiltzen jakin behar dugu. Horretarako antolatu eta mobilizatu beharra dago.

Hori da proiektua geldiarazteko bidea?

Bai, dudarik gabe.

Zer da gehien kezkatzen zaituena?

Egiten ari diren sarraskiak eta proiektuarekin aitzinera egiten badute, nire herriaren gainean izanen lukeen eraginak kezkatzen nau. Nire herria desagertuko litzateke, eta ez hori bakarrik. Sozialki eta ekonomikoki Baztan mailan kalte handia izanen luke eta horrek ez du gibelera bueltarik. Hori da gehien kezkatzen nauena.

Lekaroztarra izanda, modu berezian bizi duzu Aroztegiko afera?

Bai, normala den bezala, nire herria izanda, hurbilagotik bizi dut. Baina horrek ez du erran nahi Baztanen edo inguruan bertze herri batean baldin balitz ez nukeenik modu berean defendatuko. Zorionez, jende aunitzek horrela sentitu du eta kanpaldian ikusi genuen. Inguruko herrietako jendea hurbildu zen eta beraien etxea balitz bezala defendatu zuten, azken batean, denon etxea baita.

Zein giro sumatzen duzu herrian?

Herrian gai honekin nekea sumatzen da. Urte aunitz dira, eta horrelako proiektu eta promotoreek herria zatitzea dute helburu. Lekarozen ere saiatu dira, baina ez dute lortu. Herritarrak arras haserre ikusten ditut. Badaude beraien lurrak galdu dituztenak, gutietsiak eta zanpatuak sentitu dira, eta herri bezala ez digutela kasurik egin ikusi dugu. Horrek frustrazio handia eragiten du. Alde horretatik, Lekarozen egoera ez da erraza, baina bertze aldetik herri bezala erantzun dugu eta horrek ilusioa sortzen du. Horri esker kohesio bat sortu da herrian bertan.

«Proiektua gelditzen ahal da eta gelditu behar da»

Zein mezu luzatuko zenuke?

Proiektua gelditzen ahal dela eta gelditu behar dela erran nahi nuke, eta horretarako denok proiektua geldiarazteko indarra egin behar dugu. Behin eta berriz erran dugun bezala, gure etorkizunaren aldeko borroka da, gure bizitzaren aldeko borroka, eta ez dugu planteatzen proiektua ez geldiarazteko aukera. Aitzinera segitu behar dugu, erraten den bezala, azken hatsera arte.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun