Elizondotik N-121-B errepidera sarbide berria eraikiko dute Foruzaingoaren polizia-etxe inguruan

Ttipi-Ttapa 2021ko mai. 18a, 15:00
Ziriza kontseilaria, Joseba Otondo Baztango alkatearekin, Florentino Goñi Herri Lan zinegotziarekin eta Aitor Bazterrika Elizondoko alkatearekin, gaurko topaketan.

Bide berri horrek Elizondoko zeharbidea erabiltzea saihestuko du, eta N-121-B errepidean sartzeko egin beharreko distantzia murriztuko du

Nafarroako Gobernuko Lurralde Kohesiorako Departamentuak, Herri-Lanen eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusiaren bitartez, N-121-B errepiderako sarbide berri bat eraikiko du Elizondon, Foruzaingoaren polizia-etxearen inguruan. Lurralde Kohesiorako Departamentuak behin-behineko onarpena eman dio jendaurrean jarrita dagoen proiektuari, gaur argitaratu dute Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta datorren hilabetean alegazioak aurkez daitezke.

Bernardo Ziriza, Nafarroako Gobernuko Lurralde Kohesioko kontseilaria Joseba Otondo Baztango alkatearekin, Florentino Goñi Baztango Herri Lanetako zinegotziarekin eta Aitor Bazterrika Elizondoko alkatearekin bildu da gaur, eta proiektuaren xehetasunak ezagutu dituzte. Pedro López Herri Lan eta Azpiegituren zuzendari nagusia ere izan da bileran.

N-121-B errepidearekin 50,070 kilometroan bat eginen du bide berriak eta, honela, ibilgailuek ez dute Elizondoko zeharbidea erabili beharko. Izan ere, gaur gaurkoz, N-121-B errepideak ez dauka sarbide zuzenik Elizondora.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun