Saharar herriaren askatasunaren aldeko martxan parte hartuko du Saharaztanek

Ttipi-Ttapa 2021ko mai. 17a, 11:00

Ekainaren 4tik 18ra hainbat ekimen eginen dituzte estatu osoan saharar herriaren asklatasunaren alde. Hainbat martxa antolatu dituzte zenbait abiapuntutatik Madrilera iristeko, Espainiako Gobernuari herritarrek sinatutako manifestu bat emateko.

Berriozar izanen da martxaren abiapuntuetako bat, eta lau etapa izanen ditu guztira martxak Nafarroan. Ekainaren 4an Berriozarretik Iruñera joanen dira, 5an Iruñetik Garesera, 6an Garesetik Lizarrara eta 7an Lizarratik Los Arcosera. Saharaztanek lehenengo hiru etapetan parte hartuko duela iragarri du eta gonbidapena luzatu die parte hartu nahi duten guztiei 686 629 028 telefono zenbakira deituta izena emateko.

Martxaren helburuak

Hainbat asmorekin antolatu dituzte ekimenak: Saharan gertatzen ari dena ezagutzera emateko, ahalik eta laguntza handiena eskatzeko, nazioarteko behatzaileei esku-hartzea eskatzeko, Espainiako Gobernuari Saharako preso politikoen askatasunerako bitartekari izatea eskatzeko eta Fronte Polisarioaren estatus diplomatikoa formalki onartua izan dadin, bertzeak bertze.

Espainiak Saharako gatazkan funtsezko papera daukala azaldu dute, urte aunitzetan Mendebaldeko Sahara Espainiako 53. probintzia izan baitzen kolonizazioaren ondorioz. Gaur egun, Afrikako azken kolonia da, Espainiako lurretik ateratzean Marokoko diktadura-erregimenak okupatu zuelako duela 46 urte. NBEk dioenez, Espainiak Mendebaldeko Saharako lurraldeen administrazio-potentzia dauka oraindik, eta ezinbertzekoa da gatazka konpontzeko.

Informazio gehiago https://marchasaharaui.org/ atarian eskuragarri.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!