Sukiletx ingurua bereziki kaltetua izan dela salatu dute; «inguruko arbolak mozteaz gain, Telleria errekako bazterrak xehatu dituzte hondeamakinen pasoarekin, baita harrizko zubia bera ere. Erreka gainetik pasatu ahal izateko zubiaren bazterreko paretak birrindu dituzte eta zubia bera kaltetua izan da pisu handiko makinen lanaren ondorioz».
Aroztegiko egitasmo urbanistikoa «inposatua» izan dela oroitarazi dute; «2009an herriko batzarrak deitutako herri galdeketan lekaroztarrok ezetza eman genion proiektuari, eta 2016an Batzar Nagusiak antolatutako herri galdeketan baztandarrok ezetza eman genion proiektuari».
Proiektuaren ondorioz «beren lurrak galdu eta kaltetuak izan diren herritarrei» bere elkartasuna helarazi nahi izan dio alkatetza taldeak eta Nafarroako Gobernuari «UGPS-a bertan behera utz dezan eta baztandarron borondatea errespeta dezan» eskatu dio. Gainera, larunbatean Elizondon antolatuko duten manifestaziora joatera animatu dituzte herritarrak.