Baztango interesguneetako bisitarien etorrera ordenatzeko hiru langile behar dituzte

Ttipi-Ttapa 2021ko mai. 13a, 12:00
Baztango herri batzuetan jendetza biltzen da udan, bereziki Erratzun.

Dokumentazioa maiatzaren 21era arte aurkez daiteke udal bulegoetan.

Baztango Udalak ekainaren 15etik irailaren 15era bitarte bailarako interesguneetara jotzen duten bisitariak ordenatzeko hiru langile behar ditu. Langileek Baztango herri batzuetan eta bereziki Erratzun sortzen diren pilaketak eta pertsonen masifikazioaren ondorioak leuntzeko ardura izanen dute, horretarako prestaturiko tresnen bidez, bisitariak ordenatzeko eta espazioak zaintzeko. Lan horiek turismo teknikariarekin eta zinegotziarekin koordinatuta eginen dituzte.

Langileentzako hiru hilabetetarako kontratua eskaintzen da, lanaldi erdiz eta kontratu malguarekin. Eskatzaileek eskola graduatua, Batxilergoa edo baliokidea, B gidabaimena, adinez nagusia izatea eta C1 euskara maila izan beharko dute.

Dokumentazioa maiatzaren 21era arte aurkez daiteke (14:00 arte) udal bulegoetan. Aitzinetik hitzordua eskatu beharko da 948 58 00 06 telefonora deituz. Erregistro elektronikoz ere egin ahal izanen da. Oinarri guztiak www.baztan.eus atarian daude irakurgai eta informazio gehiago nahi dutenek udaletxera deitu edo baztan@baztan.eus helbidera idatz dezakete.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun