Amaiurren ere izanen dira bertso udalekuak aurten

Ttipi-Ttapa 2021ko mai. 11a, 17:00
Aitzineko urte bateko bertso udalekuen irudia.

Maiatzaren 12an irekiko da Bertso Udalekuetako izen-ematea

2021eko udak izanen ditu Bertso Udalekuak. Azken hilabeteotan prestaketa lanetan aritu dira, baina egoeraren bilakaera adi segitu dute, udalekuak egin ahal izateko baldintzak betetzen ziren aztertzeko. Aitzinera egitea erabakita, maiatzaren 12an irekiko da Bertso Udalekuetan izena emateko epea, 10:00etan. Maiatzaren 21era arte lehentasuna izanen dute bertso-eskolako kiden diren edota gurasoetako bat Bertsozale Elkarteko bazkide duten haurrek eta gazteek; eta egun horretan ere 10:00etan itxiko da izen-ematea.

Ondotik, baldintza horiek betetzen ez dituzten gainerako interesdunek bigarren epe bat izanen dute izena emateko: maiatzaren 25etik 31ra, eta egun horietan ere 10:00etan abiatuko eta akituko dira dira izen-emateak. Parte-hartzaileek egonaldi bakar bat aukeratu beharko dute.

COVID-19aren aurrean hartu behar diren osasun neurriak kontuan hartuta, prebentzio eta garbiketarako segurtasun protokoloa diseinatu du Bertsozale Elkateak eta une oro aintzat hartuko dituzte indarrean dauden neurri eta legeak. Egoera aintzat hartuta, aurreko urteen aldean, talde txikiagoak antolatuko dituzte eta egonaldi laburragoak: horregatik, zortzi txanda izanen dira aurten eskainiko direnak.

Sopelan (Bizkaia), Orion (Gipuzkoa) eta Nafarroako Uitzin eta Amaiurren izanen dira txanda guztiak, uztailean; 9-18 urte bitarteko gazteentzako udalekuak izanen dira. Sopelan uztailaren 2tik 6ra izanen da, 2008 eta 2009 urteetan jaiotakoentzat; Orion uztailaren 3tik 7ra 2010 eta 2012 urteen artean jaiotakoentzat, uztailaren 8tik 12ra 2005 eta; 2006 urteen artean jaiotakoentzat eta uztailaren 25etik 29ra 2010 eta 2012 urte artean jaiotakoentzat; Uitzin bi txanda izanen dituzte aukeran 2007 eta 2008 urteetan jaiotakoek, uztailaren 10etik 14ra eta eta uztailaren 15etik 19ra eta Amaiurko aterpetxean ere bi txanda izanen dituzte 17-18 urtekoek (2003an eta 2004an jaiotakoek), uztailaren 20tik 24ra lehenbizikoa eta uztailaren 25etik 29ra bigarrena. Udaleku guztien prezioa 245 eurokoa da.

Bertsozale Elkarteak antolatzen ditu Bertso Udalekuak, Eusko Jaurlaritzako Euskara Sailaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren babesarekin eta Irizarren laguntzarekin.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun