Elizondoko Zahar Etxearen berritze-proiektua emateko prozedura abiatu du Baztango Udalak

Ttipi-Ttapa 2021eko maiatzaren 10a

Zahar Etxea berritzen hasteko lehen urratsa eman du Baztango Udalak.

Maiatzaren 5ean egin zen tokiko gobernu batzordean Elizondoko Zahar Etxearen berritze-proiektua idazteko baldintzen agiria onartu zuen Baztango Udalak. Hasierako aurrekontua 162.809,92 eurokoa da (BEZ kanpo) eta lizitazio honekin proiektuaren idazketaz gain, lanen zuzendaritza ere emanen da. Eskaintzak ereiaroaren 6a artio aurkeztu ahal dira.

Elizondoko Zahar Etxea osorik berritzeko proiektua idatzi beharko du esleipenaren onuradunak eta, horretarako, 2020ko abenduan Nafarroako Gobernuak onartutako dekretuaren irizpideak kontuan hartu beharko ditu.

Horrela, berritutako zahar etxea elkarbizitza unitateetan antolatu beharko da eta logela gehienak bakarkakoak izanen dira, egokitutako komunekin eta ahal dela kanpoko tokiarekin. Antolaketa berriak pertsonetan ardazturiko arreta eredurako trantsizioa erraztuko du. Pertsonetan ardazturiko arreta ereduak arkitektura jakin bat behar du ingurune irisgarri, eroso, seguru eta adierazgarriekin.

Nafarroako Gobernuaren kontratazio atarian baldintzen agiria eskuragarri dago.

Gaur egun zahar etxeak 155 erabiltzailerendako tokia du, %90 binakako logeletan. Azkeneko erreforma handia orain dela berrogei urte egin zen.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun