Ordokitik Erratzura 3 kilometro inguru hobetu eta egokitzeko 200.000 euro inbertituko ditu Nafarroako Gobernuak

Ttipi-Ttapa 2021ko mai. 10a, 07:00

Baztango udaleko eta Nafarroako Gobernuko ordezkari eta teknikariak, Erratzuko sarreran maiatzaren 7an.

Ziriza kontseilariak eta Baztango alkateak zabaldu nahi den bide tartea bisitatu zuten ortziralean eta lanek erabiltzaileen bide segurtasuna hobetuko dutela adierazi zuten

Nafarroako Gobernuko Lurralde Kohesiorako Departamentuak, Herri-Lanen eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusiaren bidez, NA-2600 errepidea (Erratzu-Izpegi), N-121-B errepideko bidegurutzetik Erratzu herriaren arteko zatia hobetzeko eta egokitzeko lanak egiteko asmoa du datozen asteetan, eta horretarako 200.000 euro inbertituko ditu.

Bernardo Ziriza Lurralde Kohesiorako kontseilariak eta Joseba Otondo Baztango alkateak 2,8 kilometroko luzera eta 5 metroko bana bertzeko zabalera duen eta Bozate zeharkatzen duen zatia bisitatu zuten joan den ortziralean. Bisitan Juan Serrano Kontserbazio Zerbitzuko zuzendaria, Xabi Maia Baztango alkateordea, Florentino Goñi Baztango Herri-Lan zinegotzia, Imanol Etxeberria Arizkungo alkatea eta bizilagunak izan zituzten lagun.

Errepide zati hori estua denez eta duen trafikoa aunitz handitu denez, inguru horretara turista aunitz joaten delako, zirkulatzeko zailtasunak sortzen dira, batez ere errepidean ibiltzen diren ibilgailuak gurutzatzean.

Hori dela eta, tarte hori egokitu nahi dute, 1,25 metro inguruko zabalerako hormigoizko areka bat eginez, bidea zabalagoa izateko eta erabiltzaileen bide-segurtasuna hobetzeko.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun