Baztango herriguneak biziberritzeko plana martxan jarri du udalak

Ttipi-Ttapa 2021ko mai. 7a, 12:00

Baztango herriguneen husteari erantzuna eman nahi dio udalak. Horretarako, Paisaje Transversal hiri-planifikazioko aholkularitza lanean arituko da hurrengo 20 hilabeteetan.

4.472 etxebizitza zeuden guztira 2018an Baztanen, eta horietatik 1.603 (%35,8a) hutsik zeuden edo bigarren bizitegiak ziren. Eraikitako ondarea husten ari den bitartean herri-inguruko lurretan inoiz baino gehiago eraikitzen ari direla konturatu da udala, nekazaritzarako onak izan daitezkeen lurrak. Hau ekiditeko eta dagoeneko eraikita dauden herrigune historikoak eta etxe zaharrak aprobetxatzeko, herri guneak biziarazteko eta etxe horien birgaitzea bultzatzeko plan berezia martxan jarri dute.

Paisaje Transversal Madril, Valentzia eta Donostian bulegoak dituen hiri-planifikazio integraleko aholkularitza da, 120 proiektu baino gehiago egin dituena estatuan, Europan eta Latinoamerikan. Nafarroako Gobernuaren eta Baztango Udalaren finantzazioarekin lanean arituko dira Baztanen hurrengo 20 hilabeteetan.

Plan bereziak herrigune historikoen mugaketa eta identifikazioa egin eta etxe hutsen erabilera bultzatuko du zaharberritzeen bidez. Gainera, eremu publikoak diseinatzean klima aldaketaren ondorioak guttitzea eta hirigintza inklusiboko irizpideak kontuan hartzea dute helburu. Baztango 15 herriak eta inguruko auzo guztiak barne hartuko ditu; 29 herrigune guztira.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun