Xorroxin Irratiko langileak

«Irrati ttipia izanagatik eragin handia du herritarren egunerokoan»

Ttipi-Ttapa 2021ko mai. 9a, 10:00
Xorroxin Irratiko lantaldea. Ezkerretik eskuinera: Fernando Anbustegi, Marian Iñarrea, Mari Karmen Irungarai, Josetxo Apezetxea, Julen Zelaieta eta Nerea Alzuri. Argazkia: Ondikol

Euskalduna hitza, bertakoa bihotza goiburuarekin, 40 urte daramatza Xorroxin Irratiak eskualdeko entzuleen belarriak goxatzen

R. Oskariz | ELIZONDO

Erratzuko gazte kuadrilla batek Jugoslaviara egindako bidaia batetik sortu zen Xorroxin Irratia egiteko ideia eta 1981ko martxoaren 19an hasi ziren lehenbiziko emankizuna uhineratzen Erratzuko eskolatik. Gazte talde hark irrati euskaldun eta herritarra gauzatzeko ilusioa eta ametsa egia bilakatu zuen eta gaur egun, 40 urte geroago, urratsez urrats eta oztopoak oztopo bizirik dirau tokiko hedabide honek.

Anitz aldatu da geroztik?

Lau hamarraldi igaro dira eta Xorroxin Irratiak aldaketa aunitz izan dituen arren, funtsean euskara eta herritarrak giltzarri dira ibilbidean zehar. Herriarenak dira uhinak eta herritarrei esker bizirik dago Xorroxin Irratia. Erratzutik hasi eta teknika arloan egindako aurrerapausoak tarteko, uhinak ingurura zabaltzen joan ziren. Horrela, gaur egun, Baztan eta Bortzirietan dauden errepikagailuei esker, Baztan, Malerreka, Bertizarana, Bortziriak, Urdazubi eta Zugarramurdiraino ailegatzen dira irratiko uhinak.

«Herritarrei esker bizirik dago Xorroxin Irratia»

Pausoz-pauso egin du aitzinera irratiak: hasieran, aldikako musika saioez osatuak zeuden irrati emankizunak. 1985ean Elizondon kokatu zen irratia eta bi estudio izan zituen, Fortenea ostatuan eta Saskaitz plazan eta langile bati zerbait ordaintzen zitzaion eguerdiko saioa bideratzeko. Jende aunitz hurbiltzen zen irratira gogoko musika paratzera eta jendearen harrera izugarria zen. Pixkanaka, Iruritako etxe partikular batean kokatu ondotik, urte batzuen buruan, berriz ere Elizondon kokatu ziren irrati estudioak (lehenik gaur egun Elizondoko Eskolako gela batean eta ondotik, gaur egun gauden lekuan, Maria Azpilkueta karrikan)  eta lantaldea finkatuz eta tresneria hobetzearekin batera, programazioa aberasten joan zen. 

Eta orain?

Egunero eta 24 orduz irrati uhinak zabaltzen ditugu gaur egun.  Egunero zazpi orduko programazioa ematen dugu, goiz eta arratsaldez, Xorrotx eta Fin eta Karakola Segi Hola saioez osatuta. Irrati saioa ez den orduetan, hainbat estiloko musika tarteak eskaintzen ditugu. Hortaz gainera, asteazken eta ortzegunero, Bertsoinka, Klak eta Bidegurutzean irrati saioak ere uhineratzen ditugu. Larunbat goizetan berriz, asteko errepasoa eginez, Bide eginez saioa entzungai izaten da. Helburuak inguruko informazioa helaraztea, herritarrei zerbitzua ematea (merkatu ttipia, hileta elizkizunak…) eta entretenimendurako tarteak eskaintzea dira. Entzuleen parte-hartzea handia da, irratiak ematen dituen zerbitzuez baliatzen dira eta irratsaioan zehar egiten diren lehiaketetan ere anitzek parte hartzen dute.

Zenbat lagun ari zarete lanean Xorroxin Irratian?

Gaur egun, lantaldean sei langile gaude, hiru lanaldi osoan eta bertze hiru lanaldi murriztuarekin. Hala ere, herrietako berriemaileen, kolaboratzaileen eta noski, entzuleen laguntza ezinbertzekoa da.

Nolako garrantzia daukate zuen kolaboratzaileek? 

Herrietako berriemaileak eta hainbat arlotan parte hartzen duten kolaboratzaileak ezinbertzeko zutabe dira irratiko egunerokoan. Beraiek gabe, ezin izanen genuke gaur egun burutzen dugun programazioa osatu. Eskualdeko ia 40 herritan berriemaileak ditugu eta astean behin edo bitan berriak ematen dituzte.

«Gazteengana hurbiltzeko ahalegina egin behar dugu»

Bertzetik, gizarte zerbitzua, kultura, kirola, nekazaritza, abeltzaintza, osasuna, politika eta hainbat arlotan ere kolaboratzaile andana ditugu, astero, bi astetik behin edota hilero beraien kolaborazio lanak emateko.Berriemaile eta kolaboratzaileen lana eskergarria eta txalotzekoa da, borondatez, musutruk egiten baitute beraien ekarpena. Txalogarria eta estimatzekoa.

Entzuleen aldetik nolako harrera izan duzue?

Eskertzekoa da entzuleen babesa, irratiaren bertze aldean daudela sentitzea. Egunero jasotzen ditugun dei eta mezuek, modu batean edo bertzean, hori sentiarazten digute. Datuei erreparatuz, Eusko Jaurlaritzak egindako azken neurketaren arabera, Xorroxin Irratiak hartzen duen 22.500 biztanleko eremuan 6.680 entzule ditu, Euskal Herrian entzule potentzial eta errealen arteko portzentaje handiena duen euskarazko irratia da.

Gazte eta helduen artean interes berdina pizten duzue?

Eskaintzen dugun programazioari dagokionez, beti bada zer hobetu. Gure gaitasun eta baliabideen arabera, gauzak ongi egiten saiatzen gara. Baina, bertzalde, badugu burutan dugun eta egiteke dugun eginbeharra ere: gure programazioaren bitartez, norengana, zein entzule profiletara ailegatzen garen jakitea… Oraindik ez dugu azterketa zehatzik egin honen inguruan, baina, agian, gazteengana gehiago hurbiltzeko ahalegina egin behar dugula uste dugu.

Digitalizazio eran sartuta gaude bete-betean. Nola moldatu behar izan duzue irratia? 

Analogikoak oraindik indarra badu ere, azken urteetan, Ttipi-Ttapak kudeatzen duen Erran.eusen  irratia nonahi eta noiznahi entzun daiteke Internet bitartez eta era berean, web gunea irratiko lanekin elikatzen dugu, irratiko programazioan zehar uhineraturiko elkarrizketen eta irratsaioen podcastak zintzilikatuz.

Xorroxin Irratiko langileak estudioan. Argazkia: Ondikol

Hainbertzetan egoitza aldatu ondotik, estudio hauek behin betiko izanen dira? 

Urteetan, etxe partikularretan eta Baztango Udalak utzitako egoitzetan izan ditugu irratiko estudioak. Aldaketek teknikoki eta fisikoki suposatzen zuten gastu eta nekeak ekiditeko, duela 14 urte, egoitza propioa izateko hautua egin genuen. Gaur egun Elizondon, Maria Azpilkueta karrikan dago Xorroxin Irratiko estudioa. Bertzetik, 2001 urtetik, Lesakako Udalak Alondigan utzitako gelan dugu bertze estudioa.

Egoera dela eta, nolabait ospatuko duzue urteurrena?

Gauzak dauden bezala momentuan ez dugu deus ere pentsatu. Hala ere, argi dugu ospakizun hoberena egunerokoan entzuleekiko harremana elikatzea dela eta horretan segituko dugu.

Etorkizun ona ikusten duzue irratiarendako?

Irratiaren egunerokoan lagun anitzen borondatezko lanak luzaroan segitzea espero dugu. Era berean, eskualdeko udal eta mankomunitate nola gobernuaren dirulaguntzak ere beharrezkoak dira irratiaren biziraupenerako. Duela 40 urteko ilusio eta ametsek bere horretan segitzen dute, eta segi dezatela urte anitzez. Xorroxinen leloak halaxe dio: Euskalduna hitza bertakoa bihotza.

Akitzeko, zerbait gehitu nahi al duzue?

Eskerrak eman nahi dizkiegu bihotzez irrati hau egiten duten berriemaile, kolaboratzaile, entzule, laguntzaile, bazkide eta bezero guztiei, guztion artean egiten baitugu Xorroxin Irratia.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun