Lekarozko Aroztegia proiektuaz

Aroztegiko lanak guztiz gelditzeko exijitu du LABek

Ttipi-Ttapa 2021ko mai. 6a, 13:00

Baldintza agiria baliogabetuta eta esleipena geldituta duten obrak hastea «onartezina» dela salatu du sindikatuak. «Proiektu erabat jasanezin eta txikitzaile hau geldiarazteko», maiatzaren 15eko manifestazioan parte hartzera dei egin du.

LABek Nafarroako Kontratu Publikoen Administrazio Auzitegiak 2019an «Aroztegiko obren emakidaren plegua baliogabetu eta adjudikazio prozedurarekin jarraitzea ezinezkoa zela adierazi» zuela azaldu du. Honi, 2020an «Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak lehengo auzitegi horren akordioa berretsi» zuela gehitu dio. Honen ondorioz, ikuspuntu demokratikotik «eskandaluzkoa» ikusten du Nafarroako Gobernuak eta TEX enpresak «darabiltzen inpunitatea».

Proiektuak dakartzan ondorioak azaldu ditu sindikatuak; «Lekarozen, 350 biztanleko herri batean, 228 etxebizitza eraiki nahi dituzte 750 turistarendako. Horrek bertze herri bat sortzea eta egungo errealitatea erabat aldatzea dakar». Aroztegia «NA+, PSN eta Geroa Bai-k besarkatua duten kapitalismo berdea» ez dela salatu du; «ez trantsizio energetikorik, ez ekologikorik, ez antzekorik. Betikoa, betikoendako, betikoen kontura».

Hortaz, «obrak behin betiko gelditzea eta arduradun politikoei eta enpresaburuei eska dakizkiekeen erantzukizunak argitzea» exijitu du LABek. Honekin batera, herritarrek ekimen eta protestekin lortutakoa «txalotu» egin du eta maiatzaren 15ean Elizondoko plazatik abiatuko den mobilizaziora joateko deia egin dio langile klaseari.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun