Lekarozko Aroztegia proiektuaz

«Proiektuaren barnean dauden 20 lursail inguru herritarrenak dira»

Ttipi-Ttapa 2021ko mai. 12a, 11:00

Nekane Astiz. Utzitako argazkia.

Aroztegiko proiektuak barnean hartzen dituen lau lursail ditu Astiz familiak Telleria auzoan. Enpresarekin bizitako esperientzia kontatu dio Nekane Astizek Ttipi-Ttapari.

R. Oskariz | LEKAROZ

Lekarozen bizi izan zara beti?

Bai, bertan sortu nintzen, baita hazi eta hezi ere, hemengo txoko ederretan eta bertako komunitatean. Lotura ikaragarri estua dut, bai herritarrekin baita herriarekin ere. Telleriko ur freskotik edan dugu, herriko karrika eta auzoetan barrena galdu gara ezkutaketan, auzolana zer den erakutsi digute gure arbasoek, herriko zaharren ahotik izan genuen Lekaroz erre zutenekoaren berri… Hori da Lekaroz, eta hori da Baztan. Ttikitasunaren handitasuna.

Zein iritzi duzu Aroztegian egin nahi duten proiektuaren inguruan?

Alimaleko astakeria da inposatu diguten makroproiektu suntsitzaile hau. Ezin sinetsi gabiltza, interes pribatukoa den proiektu zentzugabe hau martxan dela oraindik, gestio irregularrak tarteko eta herritarron iritziaren eta lurren gainetik pasatuz, inongo gupidarik gabe eta inpunitate osoarekin. Beldurrezko pelikula bat dirudi. Proiektuak herrian, bailaran eta naturan kalte lazgarriak izanen lituzke: inondik ere jasangarria ez den eredua, inpaktu ekologikoa, linguistikoa, bailararekin bat ez datorren turismo modeloa eta abar luze bat.

«Kaltetuok ez dugu zentimo bakar bat ere ikusi»

Nekane ASTIZ GOÑI, lekaroztarra

Dena den, kalteak ez dira etorkizunekoak soilik, dagoeneko min handia egin du 15 urte inguruko ibilbidea duen amesgaizto honek; kezkak, tripako minak, buruhausteak, beldurra… herria hankaz goiti dago aspalditik. Guti batzuk sakelak bete ditzaten; berdin zaie zeren eta noren gainetik pasatu, nor zapaldu, euren irabazia bertzerik ez dute ikusten.

Proiektuaren lurren barnean sartu diren belaiak dituzue. Nolakoa izan da zuen esperientzia enpresarekin?

Gure familiak lau lursail ditu osotara proiektuaren barnean, 20.000 metro karratu inguru, inongo lotsarik gabe ebatsi nahi dizkigutenak. Ez dezagun atzendu interes pribatuko proiektu baterako dela. Prozesua biziki luzea eta nekagarria izaten ari da. Urte andana daramagu honekin bueltaka eta Aroztegia SL. enpresak bidean egin dituen gestio irregular guztien aitzinean, gero eta babes gutiagorekin gelditu gara herritar kaltetuak. Nola lortu zuten 45 hektarea nekazaritza lur birkalifikatzea? Nola lortu zuten interes pribatuko proiektu bat PSIS edo UGPS bihurtzea? Nafarroako Gobernuan UPN alderdiari agintaldia akitzeko bortz egun falta zitzaizkionean, denon harridurarako, gobernua bera izan zen proiektu hau UGPS gisa tramitatu zuena, Baztango Udalari eskumena kenduz eta herritarron hitza zapatuz.

Horrek izugarrizko kolpea suposatu zuen herritarrondako; momentu hartatik, gobernuaren babesarekin, promotoreak lasaitasun osoz hartu zituen proiektuaren baitan haren aurka zeuden herritarren lurrak. Ez lurrak bakarrik, baita herritarrak ere. Kaltetuak, gure borondatearen  kontra, konpentsazio batzorde batean sartu gintuzten, eta enpresaren asmoa da kaltetuek bertan parte hartzea, irabazi eta kostuak barne. Hau da, saneamendu-sarea egin nahi dutenean, guri erran nahi digute ordaintzeko.

Akaso jendeak ez du jakinen, baina, gaur egun, proiektuaren barnean dauden 20 lursail inguru herritarronak eta komunalak dira, ez dira beraienak. Hainbat dira bertan lurrak dituzten lekarozko familiak, eta ez dugu zentimo bakar bat ere ikusi. Are gehiago, enpresak bere garaian, kaltetuoi erran zigun lasai egoteko, ez gintuela proiektuarekin nahastuko eta denak ongi aterako ginela. Proiektuaren buru den familiak 2013an bere hitza eman zigun, haien ohore eta baloreak berme bezala goraipatuz.

Zer da UGPS bat?
Udalez Gaindiko Plan Sektorial bat Nafarroako Gobernuak interes publikokoa izendatzen duen proiektua da. Eskualdeko izaera ematen zaio proiektuari, eta horrela, tokiko udalaren eta haren legediaren mende izateari uzten dio.

Eta orain?

Denborak dena uzten du agerian. Gaur egun ondorengoa da egoera: zentimo bakar bat ere ez, kaltetuak borondatearen kontra konpentsazio batzorde batean sartuta, kostuak ordainarazteko mehatxuarekin eta lurrak ebatsita. Azken aste hauetan, obrak modu ilegalean hasi zituztenean, baimenik eta abisurik gabe, gure lurretan sartu ziren, gure terrenoetako zuhaitzak bota, ehunka urte dituzten losak kendu… Hori guti balitz, poliziaren presentzia itogarria bizi behar izan dugu azken asteotan, gure belaiak nola zeuden ikustera gindoazenean identifikatuak izanez. Lotsagarria eta beldurgarria da.

Aroztegia Jauregia Lekarozko Telleria auzoan.

 

Zein da lekaroztarren iritzi orokorra proiektuaren inguruan?

Herri galdeketetan eta batzarretan argi eta garbi ikusi izan da Lekarozek ezetz erraten diola proiektuari. Badaude proiektuaren alde dauden guti batzuk, baina gehiengoaren iritzia argi dago. Hitz egin dugunean, ez digute aditu nahi izan. Badirudi herritar guztien ahotsak ez duela berdin balio.

Eta zenbait herritarrek eman duten erantzunaren inguruan?

Herriak bakarrik salba dezake herria. Argi dago eta argi dugu. Aroztegia SL enpresak gauza aunitz lortu ditu boterearekin; bere alde jarri zituen bere garaian udalean zeudenak, bere alde Nafarroako Gobernua. Baina herri duintasuna ez dago salgai, eta gu ez gaituzte engainatuko. Hori da gelditzen dena: herritarron borroka.

«Badirudi herritar guztien ahotsak ez duela berdin balio»

Nekane ASTIZ GOÑI, lekaroztarra

Horretarako, hainbat bide egon daitezke, eta martxan paratu direnak (plataformak, kanpaldia, mobilizazioak…) indar handiz etorri dira, baita azken aldian indartu ere. Dena da ongi etorria eta dena da beharrezkoa. Herritarrok esker onez eta itxaropentsu hartu ditugu halako ekimenak eta norberak erabaki du zertan parte hartu eta elkartasuna nola erakutsi. Kanpaldian egoteko, adibidez, indarra, ausardia, denbora eta koherentzia ezinbertzekoak dira eta izugarrizko erantzuna hartu duen ekimena izan da, barnean egon diren zein kanpotik lagundu dutenen aldetik.

Ildo horretatik, herritarrok behar bat identifikatu genuen: elkartasuna eta proiektuarekiko desadostasuna adierazteko bideak eskaintzea. Kontziente gara milaka herritar daudela proiektuaren kontra, baina akaso denok ez garela ausartzen makina baten aitzinean paratzera. Hortaz, lekaroztarrak hainbat ekitaldi kultural antolatzen hasi gara. Momentuz, arras positiboa eta hunkigarria izan da erantzuna. Helburua bera da: proiektua geldiaraztea, gure herria eta bailara hiltzen ez uztea, injustiziak salatzea eta kontzientzia zabaltzea. Borroka hau luzea da oraindik eta indar oro da ongi etorria eta beharrezkoa.

Zein ondorio izanen lituzke proiektuak aitzinera segitzeak?

Hasteko, ondorio emozional eta psikologikoak ukaezinak dira. Dagoeneko bizitutakoak eta datozenak: haserrea, kezka, inpotentzia, beldurra, tristura, amorrua, nazka… Pertsonalki, eta herri bezala, biziki nahastuta gabiltzala argi dago. Hortik aitzinera, proiektua egitearen ondorio kaltegarriak aipatu ditut dagoeneko: natura, bizimodu xumea, hizkuntza, kultura, lasaitasuna… denak aterako lirateke galtzen. 

Akitzeko, zerbait gehitu nahi duzu?

Esker mila bihotzez gure lurren eta bizimoduaren defentsan lagundu duzuen guztioi. Lortzekotan, elkarrekin lortuko dugu. Hortaz, maiatzaren 15ean, 17:30ean Elizondoko plazara hurbiltzera animatzen dut mundu guztia. Aditu beharko digute, nahiz eta haiek ez nahi! Behinola, Mikel Laboak kantatu zuen: Baztango lurrean, Baztan baitan, Baztan izan nintzen. Arbasoen Baztan. Gurea. Nolakoa nahi dugu ondorengoentzat?

Lekaroztarrek egindako argazkia maiatzaren 15eko manifestaziora deitzeko.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun