Ziriza kontseilariak Aritzakun eta Urritzate inguruak bisitatu ditu Baztango Udalak gonbidaturik

Ttipi-Ttapa 2021ko mai. 3a, 19:00

Bisitaldiaren helburua Aritzakungo eta Urritzateko bideak ezagutzea zen.

Joan den ortziralean, Baztango Udalak gonbidaturik, Bernardo Ziriza Nafarroako Gobernuko Lurralde Kohesiorako kontseilariak Aritzakungo eta Urritzateko bideak bisitatu zituen, bere lantaldeko kabineteko burua den Leire Otsoarekin, Pedro Andrés Lopez Herri-Lan eta Azpiegituren zuzendari nagusiarekin eta Juan Serrano Kontserbazio Zerbitzuko buruarekin.

Joseba Otondo Baztango alkatea izan zuten bidelagun, Xabi Maia alkateordearekin eta Florentino Goñi Herri-Lanetako zinegotziarekin. Imanol Etxeberria Arizkungo zinpeko alkatea ere egon zen eta baita Aritzakungo auzotarrak ere. 

Bisitaldiaren helburua Aritzakungo eta Urritzateko bideak ezagutzea zen. Gaur egun 22 pertsona bizi dira inguru horretan eta bide nagusia harri-zaborrezkoa dute. Hori dela eta, esneketariak ez dira auzora joaten ahal edo osasun-langileek suhiltzaileen mendiko-autoetan ibili behar izaten dute. 

Ingurua ikusteaz gain, udal ordezkariek bide nagusiak ongi uzteko oinarrizko txostena eman zieten eskura gobernuko ordezkariei.

Horren arabera, Itzulegitik Bidegorrietara 9,8 kilometroko bide zatia dago hormigoiztatzeko, 1.099.164 euroko aurrekontua izanen lukeena. Aritzakundik mugako lepoan barrena Ointxuluetara ateratzen den 7,7 kilometroko bide zatirako, berriz, 867.949 euroko aurrekontua beharko litzateke.

Horrez gain, Orabidetik Etxalar eta Zugarramurdirat doan bideaz ere mintzatu ziren. Arras egoera txarrean dago zati hori eta 8,8 kilometroak ongi uzteko 1.052.009 euro beharko liratekeen.

Kontseilariak eta bere lantaldeak gaia aztertzeko konpromisoa hartu zuten.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun