Lekarozko Aroztegia proiektuaz

Baztango Udalak Aroztegiko proiektuaren kontra ari diren herritarrei elkartasuna adierazi die

Ttipi-Ttapa/Xorroxin 2021ko api. 23a, 11:00

Baztango udalak babesa eman die Aroztegiko proiektuaren kontra lanean ari diren herritarrei.

Elkartasuna agertzearen aldeko boza eman zuten EH Bilduren eta Ezkerraren zortzi hautetsiek eta kontrakoa Navarra Sumaren eta Geroa Bairen bortzek

Atzo egin zen ohiko osoko udal bilkuran Aroztegiko gaia premiazko hizpide izan zuten, EH Bilduk aurkeztu zuen idatzia tarteko. EH Bilduren mozioa onartu zuen udalbaltzaren gehiengoak EH Bilduren eta Ezkerraren aldeko zortzi botoekin eta Navarra Sumaren eta Geroa Bairen aurkako bortzekin.

Hartutako erabakiarekin, bertze behin, Baztango Udalak Aroztegiko proiektuari buruz duen desadostasuna agertu du. Aldi berean, Baztango udalak udalez gaindikoa den plan sektoriala baliogabetu dezan eskatu dio Nafarroako Gobernuari eta foru intereseko izendapena kendu diezaiola. Nafarroako Gobernuaren utzikeria ere salatu du udalak, gobernuarena den kontratu publikoen epaimahaiaren ebazpena ez betearazteagatik. Bertzalde, Lekarozen bizi duten polizien presentzia itogarria salatu du eta poliziak hortik lekutzeko galde egin. Azkenik, proiektuaren kontra ari diren herritarrei eta Lekarozko herriari elkartasuna adieraztea onartu zuen Baztango Udalak.

 

«Baztango erakundeak eta ahalmenak errespetatzen ez dituen proiektu urbanistikoa»

Baztango Udalak onartu zuen mozioan ageri denez «Lekarozko Aroztegiko proiektu urbanistikoa lekaroztarren eta baztandarren nahiaren gainetik egin da, Baztango erakundeak eta ahalmenak errespetatu gabe». Modu berean, idatziak erraten du «UPN eta Geroa Bai buru izan duten Nafarroako Gobernuek udalez gaindikoa den plan sektorialaren bidez 45 hektarea oihan eta nekazaritzako lur birkalifikatu dutela. Bailarako bizitegien beharrarekin zer ikustekorik ez duen jokaldi urbanistikoan, hutsetik 228 unifamiliar egiteko». Nafarroako Gobernuak Aroztegikoa udalez gaindikoa den plan sektorial bezala onartu izana «aski harrigarria» da udalaren erranetan, «gobernuak berak lehendabiziko proiektuaren eskaria udalean tramitatzeko erran baitzuen, udaleko planaren aldaketa egituratzailearen bidez».

 

«Luxua foru interesekoa izendatzea harrigarria da»

Bertzalde, atzo onartutako idatziak dio Nafarroako Gobernuak Aroztegikoa foru intereseko proiektu izendatu zuela, eta harridura agertu du «luxuzko hotela, golf belaia eta 228 familia bakarreko etxe foru intereseko izendatzeagatik». Modu berean, «burugabekeria horrek izan duen babesle politiko garrantzitsu batek, Manu Aierdik, dimisioa eman behar izan zuela bertze proiektu ekonomiko batek ekarri dion salaketa judizialarengatik» nabarmendu du mozioak.

«Betiere, –dio onartutako mozioak– Aroztegiko banaketa eremuaren bidez herriko nekazari eta lur jabe ttikien lurrak eta baztandarren herri-lurrak pelotazo horren menpe utzi dituzte, Aroztegiko konpentsazio batzordearen erabakien gain». Aipagarria da, udalaren ustez, «Lekarozkoa den ermitaz jabetzeko sustatzaileak egin duen eginahala».

 

«Baztanen 860 etxe huts daude eta 520 etxe bigarren bizitegia dira»

Gainerakoan Udalaren idatziak salatu du «Lekaroz ondoan 800 biztanleko herrigune berri bat sortu nahi dutela, 228 familia bakarreko etxe berri egiteko, Baztanen 860 etxe hutsik daudenean, edo 520 etxe bigarren bizitegi gisa erabiltzen direnean».

Bere garaian Amaiurko Kisua alderdian ere iduriko proiektua egin nahi izan zutela gogoratu du Udalak; «eta orduan Amaiur eta Arizkungo herriko batzarretan hango proiektuaren kontra agertu ziren. Gaur egun alderdi horretan 8 hektareako sagardi ekologikoa dago, lurrarekin lotutako proiektu ekonomikoa eta lanpostuak».

Bertzalde, atzo onartutako idatziak dio «Palacio de Arozteguíak eztabaida soziala galdurik, proiektuaren kontrako iritzia isilarazten saiatu da, herritarren eta hautetsien kontrako salaketa judizialekin». Baldintza horietan proiektua hasi dute, martxoaren 18an zuinketa-akta sinatuz.

Baina urbanizazio lanak hasi ahal izateko, urbanizazio lanen-esleipena baliogabetua du Nafarroako Kontratu Publikoen Epaimahaiak. Eta Nafarroako Auzitegi Nagusiak epaiarekin berretsia. «Epaia irmoa ez izanagatik, Palacio de Arozteguíak lanak hasi ditu –dio onartutako mozioak–. Nafarroako Gobernuak udalez gaindikoa den plan sektoriala onartu ondotik, birpartzelazio plana eta urbanizazio proiektua, orain ez ikusiarena egiten du berea den kontratu publikoen epaimahaiaren ebazpena betearazteko».

Testuinguru horretan herritarrek proiektuaren kontrako kanpaldia hasi dute, lanak geldiaraziz; eta testuinguru horretan poliziaren «presentzia jasangaitza» gertatu da Lekarozen, Lekarozko alkatetzako taldeak idatziarekin salatu duenez.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun