Zerbitzu anitzetarako eta mendi lanetarako hiru langile kontratatzeko deialdia egin du Baztango Udalak

Ttipi-Ttapa 2021ko api. 23a, 20:00
Eskabideak Baztango Udalean aurkeztu behar dira apirilaren 30a baino lehen.

Sei hilabetetarako kontratua eskainiko dute.

Baztango Udalak hiru pertsona kontratatzeko deialdia egin du. Langileek D mailako ordainsaria izanen dute eta zerbitzu anitzetako lanak (obrak, igeltserotza, udal eraikin eta azpiegituren mantentze-lanak, mendi-lanak... edota iturgintza, elektrizitate, obra txikiak, inausketa, instalazio eta mantentzeko lanak) egin beharko dituzte. Horrez gain, mendi lanak ere (mantentze lanak egiteko, azpiegiturak zaintzeko, Baztango Udaleko zein Nafarroako Gobernuko basozainen laguntzaile) egitea egokitu dakieke. Kontratazioa ekainaren 1ean hasiko da eta sei hilabeteko epea izanen du (hilabeteko proba-aldiarekin).

Izangaiek, deialdian parte hartzeko, bertzeak bertze, hamasei urteak beteak izan beharko dituzte eta Nafarroako Enplegu Zerbitzuan izena emanda egon behar dute. Horrez gain, ahozkoan C1 euskara maila eskatuko zaie (agiririk izan ezean mailaketa proba eginen da). Era berean, eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean eskolako graduatua beharko dute, baita B1 motako gidabaimena ere. 

Eskabideak Baztango Udalean aurkeztu beharko dira eta epea apirilaren 30ean akituko da 14:00etan. Hautatze prozesua maiatzaren 10-15eko astean eginen da eta proben datak aldez aurretik jakinaraziko dira udalaren iragarki taulan eta webgunean. Lehiaketa aldian gehienez 30 puntu eskuratu ahal izanen dira: meritu akademikoek gehienez 6 puntu, formakuntza osagarriak gehienez 4 puntu eta esperientziak 20 balioko ditu. Oposizioko proba bakoitzeko dei bakarra eginen da eta NANa, pasaportea edo gidabaimena eraman beharko da. Proba honetan gehienez ere 70 puntu eskuratzen ahalko dira.

Informazio guztia eta eskabide orria hemen dago eskuragarri.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun