Jon Karrikaburu futbolari baztandarra da estatu espainiarreko liga guztietako golegile nagusia

Ttipi-Ttapa 2021ko api. 21a, 17:00
Jon Karrikaburu, denboraldi honetan sartu dituen 25 goletako bat ospatzen.

Real Sociedad taldeko hirugarren eta bigarren taldean jokatzen ari da eta 25 gol egin ditu, Messik baino gehiago

Espainiar estatuan 541 futbol talde daude lehen maila, bigarren maila, bigarren B maila eta hirugarren mailaren artean. 10.000 futbolari baino gehiago, profesionalak eta erdi profesionalak. Horien guztien artean golegile nagusia da Jon Karrikaburu Jaimerena, 18 urteko elbetearra. 25 gol eginak ditu Donostiako Real Sociedad klubeko hirugarren eta bigarren taldearen artean. Aipatzekoa da golegileen sailkapen horretan bigarren Leo Messi delako bat dagoela.

Karrikaburuk 23 partida jokatu ditu denboraldi honetan, gehienak hirugarren mailan, baina Xabi Alonsok gidatzen duen bigarren B mailako Sanse taldean ere aritu da. Bi taldeetan sartu ditu golak, asteburu honetan sartu duenarekin 25. Partida bakoitzeko gol bat baino gehiago. Gisa guztietakoak sartuak ditu gainera, eskuin eta esker hankarekin, buruz, urrunetik eta hurbiletik, falta jaurtiketaz edo penaltiz. Adituek diotenez, FC Barcelona taldeak begiz joa dauka, baina 2023 urtera arte kontratua dauka Errealarekin, 35 milioi euroko etete-klausularekin eta kontratua berritzeko asmotan omen dabiltza.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun