Lekarozko Aroztegia proiektuaz

Esku bete lan izan dute Aroztegiko kanpaldiko bosgarren egunean

Ttipi-Ttapa 2021ko api. 21a, 08:00

Kanpaldiarekin aitzinera segitzeko borondatea erakutsi du Aroztak herri-ekimenak.

Aroztak herri-ekimenaren erranetan lana behar da Baztanen, baina «baliabide naturalak suntsitzen dituen proiektu baten mende egon gabe»

Aroztegiko kanpaldiak dagoeneko bosgarren eguna bete zuen asteartean, eta Aroztak herri-ekimenaren erranetan, «esku bete lan izan dugu: Goizetik guardia zibilak inguruan bueltaka eduki baditugu ere, eguerditik aitzinera iritsi da momentu kritikoena. Langileak eskoltatuak etorri dira eta presentzia poliziala areagotuz joan da: presentzia poliziala geroz eta handiagoa da, baina bagoaz aitzinera. Bertze behin herritarrak elkartu eta Aroztegiko proiektu urbanistikoa babesten duten horiei erran diegu ezetz: hau gure lurra dela, eta haiek zaintzen ez badute, guk eginen dugula».

«Lana bai, baina baliabide naturalak suntsitzen dituen proiektu baten mende egon gabe»

Makro proiektu honen alde daudenen erranak ere agertu ziren komunikabideetan. Herri-ekimenaren arabera, «herritarrek bertan lana behar dutela aipatzen dute eta guk erantzuten diegu: herrian lana nahi dugu bai, baina baliabide naturalak suntsitzen dituen proiektu baten mende egon gabe. Lortu daiteke eta lortuko dugu. Lan egiteko erak daude, eta guk herriarentzat eta gure herria errespetatzen dutenentzat egin nahi dugu lan».

«Baztango etxebizitzen %36 hutsik edo bigarren etxebizitza dira»

Lanaz ez ezik, Baztango gabeziez ere solastatu behar dela uste du Aroztak herri-ekimenak eta horietako bat  da etxebizitzarena. «Baztanen bizitzeko –dio Aroztak herri-ekimenak–, lehenik eta behin, gure eskura dauden etxebizitzak behar ditugu. Baztanen ditugun etxeen artean %36 etxe hutsak edo bigarren etxebizitzak dira. Beraz, ez, ez dugu etxe gehiagoren beharrik. Alokairu duinak behar ditugu eta etxeak zaharberritzeko diru-laguntzak. Non daude horiek?».

Baztango etxeen %22a erabat hutsik daude, etxe handiak dira eta «zaharberritze prozesua ekonomikoki ordainezina da Nafarroako Gobernuaren diru-laguntzarik gabe». Bigarren etxe bizitzen zenbatekoa berriz, % 14ekoa da eta «hona hemen paradigma:  baztandarrek hala ere, ez daukagu non alokatu, edo non bizi».

«Ez dugu Europan gertatzen ari den turismo ereduaren konplize izan nahi»

Baztan mimoz eta izerdiz eraikitako bailara dela ere gogoratu du Aroztak herri-ekimenak, «herritik eta herriarentzat eraikia. Horregatik dira ederrak gure xokoak, bereziak gure herriak. Baina ez dugu Europan gertatzen ari den turismo ereduaren konplize izan nahi. Eredu bat zeinetan herriguneak museo bihurtzen diren eta bizilekuak berriz zementuzko kaiolak. Gure bailara bizitzeko da. Natura zaintzen ez badugu, gure ekosistemari halako erasoak egiten uzten badiegu eta gure herria bortizki eraldatzen badute, mutu utzi duten herri baten erretratua bertzerik ez gara izanen».

Oharra akitzeko, horrelaxe dio Aroztak herri-ekimenak: «Baztandarrek ez dugu etsiko. Egunetik egunera hurbiltzen ari zareten guztiek bezala, badakigulako hitza herritarrena izan behar dela, kapitalarena izan beharrean. Ulertzen ez duzuen bitartean, borrokan segituko dugu. Zuena da poliziaren babesa, zenbait aberatsena ere, baina arrazoia eta herriaren elkartasuna gurea da! Beraz segi adi, proiektua gelditu arte, inork ez gaitu geldituko».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun