Haur parkeak zaharberritzeko proiektuak garatuko dituzte auzolanean Baztanen

Ttipi-Ttapa 2021ko api. 20a, 12:00

Tokian tokiko proiektuak garatzeko lan taldeak osatuko dituzte.

Apirilaren 17an Euskal Herriko Oinherri egitasmoaren barrenean dagoen Kerizu Beretikek eta Baztango Udalak herrietako parkeen inguruan birpentsatzeko jardunaldia izan zuten.

2020an sinatu zuen Baztanek Oinherrirekin hitzarmena herri hezitzaileen filosofia eta printzipioak bertan sustatzeko: haurren kultura, euskara, aisia, feminismoa, naturarekiko harreman osasungarriak, zaintza edo espazioen bizigarritasuna. Hainbat ikastetxek eta herrik haur parkeak zahar berritzeko eskaerak agertu dituztenez, honi buruz hausnartzeko bildu ziren atzokoan.

Nora Salbotxek, Amaiurko herri eskolako zuzendariak, Kerizu Beretiken orain arteko ibilbidea azaldu zuen. Ondotik, Maite Azpiazu azpeitiarrak eta Oinherriko langileak Oinherri zer den eta haurren kulturaren eta herri hezitzailearen baloreak izan zituen hizpide. Eta akitzeko, Txusma Azkona, Lizarran plisti plasta familiaren gunearen arduradun zena, parke hezitzaileen nolakotasunaz aritu zen. Arizkunenea kultur etxean 40 baztandartik goiti bildu ziren eta gogo handia erakutsi zutenez, aitzinera begira lan taldeak osatuko dituzte tokian tokiko proiektuak garatzeko. Baztango ikastetxe guztiak herri hezitzailearen ekimenean elkarlanean ari dira eta auzolana ardatz duten proiektuak abiatuko dituzte etorkizunean. 

Kerizu Beretik ekimena 2015ean sortu zen Baztanen, Joxe Mari Agirretxe eta Joxe Mari Auzmendiren gonbidapena jarraikiz. Kantu jira, baratze hezitzailea eta bertze ekimen txiki zenbait egin ondotik, indarberrituta dator.   

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun