Aintzane Ariztegi Barrenetxe

«Euskal Herri osoko gazteon ahotsa indartzea dugu helburu»

Ttipi-Ttapa 2021ko api. 24a, 07:00

Politika Zientzia eta Kudeaketa Publikoko gradua bukatu zuen Aintzanek pasa den urtean. Orain, Euskal Herriko hainbat gaztek sortutako proiektu komunikatibo batean murgildu da.

Nola aurkeztuko zenuke zeure burua?

23 urteko gazte lekaroztar bezain baztandarra, jakinmin anitzekoa eta gizartearekiko konprometitua.

Zein dira zure zaletasunak?

Nere denbora librearen puska handiena militantzia politikoak hartzen duen arren, lagun artean irri eta tragoak elkarbanatzea bezalakorik ez dago.

Zein proiektutan zabiltza orain sartuta?

KLAK Euskal Herriko gazteon komunikazio proiektu berria da. Gazteon kezka eta interesak uztartuz eraiki dugun proiektua; funtsean, horiek plazaratu eta eztabaidatzeko espazio bat. Beti ere, euskaraz eta jendartearekiko begirada kritikoz.

Emaiozue begirada bat: @egin_klak instagram eta twitterren, edo klak.eus-en.

Nola hasi zinen proiektuarekin?

Ni proiektuan sartu orduko, lantalde batek hilabeteak zeramatzan KLAK-i forma ematen. Proiektua koordinatzeaz arduratuko zen pertsona baten bila zebiltzan, eta proposamena iritsi zitzaidanean ez nuen aunitz dudatu.

Crowdfunding bat egin zenuten dirua lortzeko. Nola atera zen?

Arras ongi! Helburu bezala finkatu genuen minimoa aise pasa genuen. Ikusten da proiektu honen atzetik badagoela haren beharra sumatzen duen kolektibo zabal bat.

Zein da zuen helburu nagusia?

Batez ere, Euskal Herri osoko gazteon ahotsa indartzea. Gaur egun, edozer esaten da gazteon inguruan, guri deus galdetu gabe. Hutsune gehiago badaude ere, KLAK-ek bete nahi duenetako bat gazteoi ahots propioz solastatzeko tresna bat eskaintzea da.

Nondik ateratzen dituzue asteroko gai berriak?

Ez zaio buelta gehiegi eman beharrik. Proiektuan asteroko lanean ari garenak gazteak garenez, gure buruari galdetzea bertzerik ez dugu: “Zer gustatuko litzaidake entzutea/ikustea neri?”; eta mila aukera topatzen dituzu aitzinean.

Sare sozialek garrantzi handia daukate hedapenean?

Gaur egun sareetan ez dagoenak arras zaila du gazteengana ailegatzeko; eta gure kasuan, gazteendako proiektu bat denez, berebizikoa da bertan egotea. Gazteok bataz bertze egunean 5 ordu baino gehiago pasatzen dugu pantailaren aitzinean! Aunitz da (gehiegi, agian), baina ezin da ukatu eragiteko bertze espazio bat dela.

Jendeak ondo erantzun dio proiektuari?

Astetik astera handitzen doa gure komunitatea. Asteazkenero podcast bat kaleratzen dugu, eta astean zehar bertzelako edukiak zabaltzen ditugu sareetatik. Zer gustatu den eta zer ez ikasten gabiltzan arren, harrera arras ona egin dio gazteriak proiektuari.

Zure asmoak epe motzera?

Bide beretik segitzea, eta bidean jasoko ditudan ikasketen bidez, hobetzea! Hori bizitzako alor guzietan.

Eta epe luzera?

Uf! Galdera zaila da. Ikasketak akitu berri ditut, eta nere biziko etapa berean dagoen pertsona bati egin ahal zaion galdera okerrena da. Lausoegi dago etorkizuna (tamalez).

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun