Hondakin organikoentzako edukiontzi marroiak paratu dituzte Baztanen

Ttipi-Ttapa 2021eko apirilaren 16a

Birziklapen datuak hobetzen segitzeko asmoz, hondakin organikoak kudeatzeko hainbat edukiontzi paratu ditu bailarako zenbait puntutan Baztango Udalak.

Baztango Udalak, 'Ba al dakizu organikorik gabe birziklapena ez dela nahikoa?' lelopean, birziklapen datuak hobetzen segitzeko bertze pauso bat eman du, hondakin organikoak kontainer marroi bidez kudeatzeko aukera paratuz. Euren arabera, «etxeetako hondakin poltsaren erdia gai organikoa da eta, ondorioz, sortutakoaren erdia birziklatzen dugu gehienez».

Organikoa birziklatzearen garrantzia

Gai organikoa, ongi bereiziz gero, aukera eta onura aunitz eskaintzen dituen hondakina dela nabarmendu dute: «lurrera itzultzen ahal dugun kalitatezko emendakin organikoa eta energia lortzeko aukera ematen digu, ekonomia zirkularrerako aukera eskaintzen digu eta ingurumenaren zainketan eta aldaketa klimatikoaren aurkako borrokan aunitz suposatzen du, bertzeak bertze». 

Hori ez bereizteak, aldiz, «arazo larriak» sortzen dituela adierazi dute, hala nola: «negutegi efektuko gasen areagotzea, ur, lur eta airearen kutsaduraren haunditzea, ongarri kimikoen erabileraren areagotzea, espazioaren okupazioa, etab. Azken finean gure ondorengoen bizitza baldintzatuko duten efektu negatiboen zerrenda luze bat».

Edukiontzi marroiak

Horrela bada, hondakinen birziklapen portzentajeak hobetu eta «Europatik markatzen zaizkigun helburuak eta baita Nafarroako Hondakinen 2017-2027 urte bitarteko Planak zehazten dituen helburuak betetzeko bidean»  kontainer marroiak paratu dituzte. Hala, auzo edo etxeko konposta egiten ez duten herritarren hondakin organikoak poltsa hetsian kontainer bidez biltzeko. 

Edukiontzi marroi horietan hondakin organikoak bakarrik botatzen ahal izanen dira, janari hondakinak eta lorezaintzako hondakin ttikiak eta beti poltsa hetsian bota beharko dira. 

Udalak, gai organikoaren kudeaketarako etxe eta auzo konpostaren aldeko apustua egiten segitzen badu ere, arrazoi batengatik edo bertzearengatik konpostean parte hartu nahi ez duten herritarrak gai organikoa kontainer bidez bereiztera animatu ditu. Azken batean, gai organikoa birziklatzearekin batera, kontainer berdeen erabilera murriztu nahi dute. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun