EHNE-Nafarroak ez du nahi Lekarozko lurretan egin nahi den hirigintzako espekulazio-proiekturik. Proiektu horren baitan luxuzko hotela, golf-zelaia eta 228 etxebizitza berri eraikiko dira 340 biztanle inguru bizi diren herri batean. Horregatik, sindikatuak «bat egin du obrak hastea eragozteko Baztango bizilagunak daramaten herri-borrokarekin, erabaki judizial batek obren hasiera legez kanpoko dela ebatzi ondotik».
«Gauza eginen» dinamika inposatu nahi dute
Prentsa-ohar batean EHNEk azpimarratu du «Nafarroako Kontratu Publikoen Administrazio Auzitegiak 2019ko uztailaren 23an adierazi zuela ezinezkoa zela esleipen-prozedurarekin segitzea. Akordio hori proiektuaren sustatzaileek behin eta berriz urratzen dute, eta, gainera, sustatzaileek ausarkeriaz hartu dute aurrerapausoa emateko erabakia, gauza eginen dinamika inposatuz, eta Foru Gobernuak berehala geldiarazi beharko luke obra».
Are gehiago, EHNEk ohartarazten du «Vianako Printzea erakundearen menpeko Nafarroako Ondasun Departamentuak hotelaren proiektuaren aurkako txostena egin zuela, araudia betetzen ez zuelako. Horri gehitu behar zaio Baztango Udalak, Lekarozko herriak eskatuta, ermitaren jabetzari buruzko demanda bat irabazi duela, ekimen espekulatibo honen sustatzaileek eurentzat sartu zutena».
Nekazaritzarako beharrezkoa diren lurrak galtzen ari gara
«Horrelako proiektuak landa-garapen orekatu baten arras kontrakoak dira»
«Azkar aberastu nahi duten pertsona guti batzuen interes espekulatiboei soilik erantzuten die proiektu honek»