Amaiurko eskolak Urmaela erronka martxan jarri du

Fernando Anbustegi 2021ko api. 15a, 19:00

Amaiurko eskolak, Amaiurko herria, Aranzadi Zientzia Elkartea eta Baztango Udalaren laguntzaz, Urmaela proiektu hezitzailea martxan jarri berri du. Aranzadi Zientzia Elkartearen Herpetologia sailak eman zien amaiurtarrei urmaela proiektuaren berri, eta zalantzarik egin gabe eskolak eta herriak, batera, lanari ekin zioten.

Aranzadi Zientzia Elkarteak Alemaniako Tübingen herriko eskola batean garatzen zuten esperientzia baten berri izan zuen, bertan, umeak naturara hurbiltzeko helburuarekin, eskolatik kanpo zegoen urmael batera joateko ohitura zuten. Euskal Herrian horrelako zebait egitea pentsatu zuten, hango esperientzia ekarriz. Honela, 2013an, Ereñotzuko Txirrita Herri ikastetxekoekin batera sortu zuten lehenbiziko urmael didaktikoa, eta horri loturiko hilabete bateko hezkuntza proiektua garatu zuten eskolan. Esperientzia berritzailea biziki eraginkorra zela frogatu ondotik, azken urteetan bertze dozena bat eskolatan izan du segida, eta orain, Amaiurkoa izanen da Nafarroan garatuko duten lehenbizikoa.

Nora Salbotx Amaiurko eskolako zuzendariak azpimarratu duenez, «aurtengo ikasturtean inoiz baino gehiago ikusi da naturarekin harremana izateak duen garrantzia, hortaz, urmael proiektu hau ezin hobeki egokitzen zaio garaiari». Urmael proiektuaren ardatza putzu bat da, zeinean ur gezako ekosistema baten garapena aztertuko duten ikasle eta irakasleek.

Salbotxen erranetan «proiektua putzuaren inguruan garatuko denez, eskolatik hurbil behar dugu urmaela», baina Amaiurko eskolaren ondoan ez dago halako putzurik, hortaz, bat sortuko dute. Dagoeneko hasiak dira lanean, eta lehenbiziko eginbeharra urmaela edo putzuaren kokapena zehaztea izan da. Haur eta Lehen Hezkuntzako ikasleek eskolatik hurbil urmaela sortzeko gune egoki bat bilatzeari ekin zioten. Bilaketa bera proiektuaren baitan kokatzen da, «jarduera arras osotua da, ikasleek lurra neurtu, planoak interpretatu, herri lurrak zer diren ikasi, Baztango Batzar Nagusia ezagutu eta bailarako historiaren berri izan, urmaelaren ezaugarriez, balizko biztanleez, landarediaz hitz egiten dute, hipotesiak egin edota norberak bere proposamena marraztu».

Finean, proiektu anitza da urmaela, hezkuntza integrala bulkatzen duena eta ikastetxea eta herria elkarlanean jartzen dituena, denen aberasgarri.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun