'Erabili goldea hilen hezurren gainetik' liburuaren aurkezpena Elizondon

Ttipi-Ttapa 2021ko api. 20a, 14:00

Amaia Apalauza itzultzaileak aurkeztuko du liburua Elizondoko Arizkunenea kultur etxean ortzirale honetan, apirilaren 23a, 19:00etan.

Olga Tokarczuk Literatur Nobel sariaren irabazlearen Erabili goldea hilen hezurren gainetik (2020, Elkar) liburua euskaratu dute Amaia Apalauza eta Sonia Kolaczek itzultzaileek. Liburuaren itzulpenaz arituko da Apalauza (H)ilbeltzak antolatu duen solasaldian.

Liburuaren sinopsia

Janina Duszejko basoalde bakarti batean bizi den emakume adintsua da, zubi-ingeniari erretiratua eta umeei ingeles-eskolak ematen dizkiena; William Blakeren poemak, Astrologia eta izaki bizidun guztiak maite ditu, eta animaliak hiltzen dituzten ehiztariak gorroto. Eta hain zuzen, ehiztari zenbait hilik hasi dira agertzen alderdi menditsu horretan.

Misteriozko eleberri baten garapenarekin batera, pertsonaia liluragarri baten ezaugarri eta ertzak joango gara ezagutzen: xelebre bezain xaloa, egoskor eta maitagarria, aldi berean ahul eta ahaltsua. Baina, horrekin batera, gizarte gupidagabe honek bazterrean uzten dituen izaki guztien aldeko aldarri ozena topatuko dugu, mundu bidezko eta bizigarriago baterako deia.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun