Lekarozko Aroztegia proiektuaz

EH Bilduk Aroztegiko lanak gelditzea eskatu du, «legez kanpo hasi direlako»

Ttipi-Ttapa 2021ko api. 11a, 10:00

Aroztegiko makro-proiektu urbanistikoaren obren hasiera salatzeko, Baztango Gazte Asanblada eta Aroztegia eta gero zer? plataformako kideek obraren hasiera oztopatu dute makinen aitzinean eserita.

EH Bilduk Aroztegiko proiektuaren obrak geldiaraztea eskatu du eta Nafarroako Gobernuari galdetu dio ea aurreikusita duen obra horien «legez kanpo hasi izanagatik» zehapen espedienteren bat irekitzea. Adolfo Araizek salatu du ez dela Kontratu Publikoen Administrazio Auzitegiak ebatzitakoa «betetzen» ari.

Koalizioak ohar batean nabarmendu duenez, «baztandarrek behin eta berriz agertu dute makro proiektu honen kontra daudela», eta gogorarazi du «egindako kontsultan boto gehienak proiektu honen kontrakoak izan zirela».

Ildo horretan, Adolfo Araiz parlamentarioak nabarmendu du ez dela betetzen ari «Nafarroako Kontratu Publikoen Administrazio Auzitegiaren uztailaren 23ko 64/2019 Akordioa, esleipen-prozedurarekin segitzea ezinezkoa dela adierazten zuena».

«Nahiz eta Administrazio Auzitegiak erabaki hori hartu, beharrezko zuzenketak egin eta proiektua urbanizatzeko lehen faseko obren plegua doitu beharrean, Aroztegiko proiektua bultzatzen duen enpresak legez kanpokotasunari, egitatezko bideari eta berezkoa duen nagusitasunari eustea erabaki du, eta obrei hasiera eman die», kritikatu du.
 
Horregatik, Araizek hainbat galdera erregistratu ditu Nafarroako Parlamentuan. Hala, Nafarroako Gobernuak zer neurri hartuko dituen galdetu du, Batzordearen jarduera legezkoa izan dadin, eta ea obra honen hasiera Lurralde eta Paisaia Zerbitzuari jakinarazi zaion.
 
Gisa berean, galdetu du ea Nafarroako Gobernuak «obrak legez kanpo hasteagatik zehapen espedienteren bat irekitzea» aurreikusita duen eta ea errekerimenduren bat eginen duen Foruzaingoaren bidez «Konpentsazio Batzordeak eta obra horiek legez kanpo egiten ari den enpresak obra horiek berehala geldiarazteko».

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun