IZASKUN REKARTE
«Euskal Herrian, Katalunian, Espainian, Polonian, Finlandian eta AEBetan ateratako argazkiez» osatutako Basabizitza erakusketa du esku artean Iñaki Atxa (1981) elizondoarrak.
'Basabizitza' erakusketa
Erakusketa «azken urteetako lanaren emaitza» da eta bi helburu nagusi ditu: alde batetik «egindako lana plazaratzea» eta, bertze aldetik, jendeari ikusaraztea «zein polita eta beharrezkoa den natura bere horretan mantentzea eta, bere horretan mantentzen laguntzea». Basabizitza erakusketa «han eta hemen» ateratako argazkiekin osatu du Atxak eta argazkietan agertzen diren animalia guztiak «basanimaliak» direla adierazi du, hau da, «bere eremu naturalean bizi direnak». Proiektua «bakarkako lana» izan da, taldean egitea «ezinezkoa» izanen baitzen. Izan ere, «basanimaliengana hurbiltzea, beraien bizimoduan eraginik sortu gabe zaila da. Gauza aunitz hartu behar dira kontuan: ohiturak, urteko sasoia, haizearen norabidea…». Elizondoarraren hitzetan «ikusezin bihurtzen ikasi beharra dago eta oihanean ordu aunitz isilik eta geldirik egoten jakin behar da».
Natura ezagutu, natura maitatu
Erakusketaren bidez bidali nahi duen mezua garbia da, «erakusketarekin natura ekarri nahi dut ikuslearen begi bistara». Modu honetan, ikusleak «natura zeinen zoragarria den» ikusiko du, «natura maitatuko du eta maitatzen duen une beretik babestu eginen du».
Mendi short irabazlea
Bertzalde, hau ez da Atxak bere lana mundura zabaltzen duen lehen aldia. 2018an Mendi short saria eskuratu zuen Hartz eta otsoekin lotan lanarekin. Lehenbiziko egunetan «sinetsi ezinik» ibili zen, ondotik, Bilbora saria jasotzera joan zen. Bertan, «jendez lepo zegoen antzoki erraldoi horretako oholtza gainera joatea ez zen erreza izan» aitortu du. Hala ere, «nazioarte mailako epaimahai batek zure lana saritzea atsegingarria» dela onartu du baztandarrak.
Data zehatzik gabe, baina, berriz bidaiatzeko gogoz
Berriz ere bidaiatu eta «natura bere horretan» biltzeko asmoa du. «Iaz nintzen joatekoa, baina pandemia medio, aurtengo irailera luzatzera derrigortu ninduen», aipatu digu. Hala ere, «aurten ere harat ailegatzeko modurik egonen ote den» zalantza egiten du Atxak. Data zehatza ez badaki ere, «ordainduta dagoenez» bidaia lehenago edo beranduago eginen duela ziurtatu du. Izan ere, «ezin da hitzez adierazi» basanimaliei argazkiak ateratzea zer den. «Bizi beharreko esperientzia da. Taiga oihanaren erdi erdian galduta, gizakiaren arrastorik gabe, hartz eta otsoez inguraturik aste bete egotea… Zoragarria izan zen».
Berako erakusketa
Azkenik, Basabizitza erakusketa Labiaga Ikastolan paratzeko aukera eskaini zioten, eta berak «ilusio handiz» onartu du. Gainera, argazkiez gain bideo bat proiektatzeko asmoa du Atxak. Bideoan «gure eskualdeko oihanetako biztanleei grabatutako irudiak agertuko dira».