Bi urte baino gehiago daramatza itzalita Almandozko radarrak

Ttipi-Ttapa 2021ko api. 9a, 19:00
Belate eta Almandozko tunelen artean dago radarra. Irudia: Ondikol

Belate eta Almandozko tunelen artean dagoen radarra 2019tik dago itzalita. Aberiak, arazo teknikoak eta metrologia ziurtagirien iraungipena dira radarraren funtzionamendua eragozten dituzten faktore nagusiak. Trafiko Zuzendaritzak erran duenez, radarrak mantentze-lanak eta noizbehinkako egiaztapenak behar ditu bere funtzionamendua zuzena dela bermatzeko, eta guztiz ziurtatu arte ez du martxan segituko.

Irun eta Iruñea lotzen dituen errepide honetako lehenbiziko radarra izan zen Almandozkoa, 2011an paratu zutena. Geroztik, Nafarroan multa gehien jarri duten radarretako bat izan da, Leitzarango autobian dagoenarekin batera. 2016an 17.317 multa jarri zituen radarrak, 2017an 13.431, 2018an 6.728 (errepidea itxita egon zen tunelen egokitzearengatik) eta 2019an 75 bertzerik ez dira izan. Geroztik, ez du multa gehiagorik paratu azken urtean radarrak.

N-121-A

Nafarroan istripu gehien izaten dituen errepidea da N-121-A, batez bertze 125 izaten baitira bertan urtean, 3-4 hildakorekin. Bi radar berri paratu dituzte azken aldian errepide honetan; Arraizko Bentan eta Etxalarko Benta eta Lesaka artean. Nafarroan radar gehien dituen errepidea da orain.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun