Lekarozko Aroztegia proiektuaz

Aroztegiko obrak gelditzera sartu da gaur ekintzaile talde bat

Ttipi-Ttapa 2021ko api. 8a, 19:30

Aroztegiko obren hasiera salatzeko, ekintzaile talde bat joan da gaur makinen lana gelditzera eta Aroztegian egin nahi duten proiektua salatzera. Biharko bertze elkarretaratze bat deitu dute Lekarozko Plazan, 15:30ean.

Prentsara igorritako adierazpena

Azken egunetan ikusi dugu Lekarozko Aroztegia eremuan hasi direla eskabadorekin eta motozerrekin gure inguruko arbolak mozten eta ingurua xehatzen. Aunitzetan erran dugun bezala, proiektu txikitzaile hau gure ingurua, hizkuntza, kultura eta bizimodua desagerrarazteko helburuarekin egin nahi da. 

Lekarozko herriak, Baztan osoak eta Nafarroako hainbat eragilek adierazi dugu behin eta berriz pelotazo urbanistiko honen kontra gaudela.

Hala ere, Nafarroako Gobernuak modu zikin eta inposatzailean proiektu hau UGPSa bezala bideratu da espekulazioa eta iruzurra helburu duten enpresen mesederako. Modu honetan enpresari hauei herri lurrak eta nekazaritzako lurrak desjabetzeko eskumena emanez, betiere herritarren eta tokiko instituzioen erabakitzeko eskubidea urratuz. 

Onartezina da nola azkenengo hamarkadan Nafarroako Gobernuan egon diren alderdi guziek ahalbidetu eta bultzatu duten bidegabekeria hau. Bizikidetza eta bake soziala bezalako hitz panpoxekin ahoa betetzen duten bitartean, herriak eta landa eremua etengabe erasotzen dute. 

Herritarren interesen alde aritu beharko liratekeenak espekulatzaileen eta kapitalaren menpe daudela ikusirik, gure herriak eta bizimoduaren defentsa gure esku hartzea bertzerik ez dugu.

Honengatik, baztandar, nafar eta euskaldun guziak deitzen ditugu hurrengo egunetan gure lurra, hizkuntza, kultura eta bizimoduaren alde eginen ditugun mobilizazioetan parte hartzera.

Inposizioaren aitzinean desobedientzia!

Bihar arratsaldeko 3ak eta erdietan Lekarozko Plazan. Aroztegia geldituko dugu! Herritarren hitza errespetatu! 

Aroztegia...eta gero zer? Plataforma Baztango Gazte Asanblada 

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun