Imanol Etxeberria

«Berriz ere komun publikoen proiektuari heldu nahiko genioke»

Ttipi-Ttapa 2021ko api. 10a, 10:00

Martxan hasi orduko suteen kontra lan egin behar izan zuten Imanol Etxeberria alkateak (Arizkun, 1984) eta kargudunek. Orain, poliki-poliki, duela urte batzutako proiektuak hartu nahiko lituzkete

Herriak hala aukeratuta, otsailean hartu zuen ondoko bi urteetan Arizkungo alkate izateko ardura Imanol Etxeberriak. Orain, «hartutako konfiantza» arizkundarrak kontent utziz itzuli nahiko lieke. Eta horretarako, bertze hamabortz lagunekin batera, herritarrek egindako eskariak asebetetzeko lanean hasia da.

Nola animatu zinen alkate gisa aurkeztera?

Bi batzarretan inor agertu ez zela ikusita,  talde bat arduratzen eta gure artean honi buruz solastatzen hasi ginen. Inork ez zuen hasieran bere izena alkatetzarako eman nahi eta azkenean nik eman nuen pausoa.

Hasieran inor ez eta gero bi aurkeztu zineten. Nola bizi izan zenuten hori herrian?

Jakin-mina sumatu zen, giro polita zegoen herrian, bozketa egunean zer gertatuko zen ikusteko esperoan zegoen jendea... 

Inoiz herrian egin behar izan da bozketarik alkatea aukeratzeko?

Duela urte andana bi hautagai izan ziren. Orduan Karlos eta Maria Isabelen artean aukeratu behar izan genuen herritarrek eta lehenengoa gailendu zen nagusitasunez. Hala ere, bi hautagai izatea ez da batere normala, nahiko lan bat aurkeztearekin azken urte hauetan. 

Boto guztien %98 lortuta alkate aukeratu zintuzten. Erantzun hori espero zenuen? 

Inondik inora ez nuen botoen %98 espero. Azkenean denak ez gara denen gustukoak, baina garbi ikusi zen herritarrek niregan konfiantza gehiago zutela. Egia erran sorpresa polita izan zen emaitza hori ikustea, bozkatzera jende nahikotxo bildu zen, eta pozgarria da beraien konfiantza jasotzea.

Zein izanen dira zure ardurak?

Egiteko haundiena herriaren eta udalaren arteko bitartekari lana izaten da.

Talde ederra osatu duzue…  

Talde ederra eta anitza sortu dugu bai. Ea modu honetan alkatetzari jarraipena ematen diogun eta bi urtez bi urte geronen artean lekukoa pasatzen dugun! Hori da intentzioa. Gerora, batzuk lantaldetik atera eta berriak sartuko dira. Orain hasmentan 16 laguneko lantaldea gara. 

Ardurak banatu dituzue?

Talde koxkorra izanik, lau lantalde sortu ditugu. Batzuek herriko eta auzoetako urak koordinatuko dituzte; bertze batzuk auzolanez arduratuko dira. Hirugarren talde bat pista eta bideen egoeraz arduratuko da eta azkena sor daitezkeen proiektuez eta martxan daudenez. 

Azken bi urteetan Francisco Jose Lakar izan da alkate. Haren lanari segida emanen diozue?

Lan talde berria izanik, hutsetik hasi gara. Duela urte batzuk  martxan jarri zituzten proiektuak esku artean hartuko ditugu eta poliki-poliki hasiko gara.

Zein izan da lehenbiziko lana?

Martxan hasi bezain fite, herriko lurretan izandako suteen kontra lanean ibiltzea tokatu zitzaigun. Horren ondorioz, kaltetuekin hartu-emanean gabiltza, ondotik udalera kalteen zenbatekoa eramateko. Zenbatekoa esku artean izandakoan, udalari kaltetuei laguntzeko eskaria eginen zaio.

Orain arte herrian egin dena eta egiteke dagoena ikusteko aukera izan duzue? 

Duela urte batzuk komun publikoen proiektua zegoen martxan. Azken aldian geldirik egon da eta gure intentzioa berriz ere martxan paratzea da. Ea egunen batean Arizkunen komun publikoak ezagutzen ditugun! Bertzalde, medikuaren etxea dago, herriak kudeatzen duena. Hau udalak herriari urte andana baterako utzi zion eta hor hainbat gauza egiteko aukera ere badarabilgu buruan.

Epe motzera begira, zer uste duzu egin beharko litzatekeela herrian? 

Gure esku egonez gero... aunitz! Baina udalak du indarra eta guk deus guti egiten ahal dugu.

Azpiegiturak hobetzea eta inguruak txukun mantentzea izaten da arduretako bat… Horretarako auzolanak egiten dira herrian? 

Herrian auzolanak egiteko ohitura badago bai. Oraingoz medikuaren etxean mantentze- lanak egiteko urte osorako egutegia lotu dugu. Gerora ere auzolanerako deialdi gehiago eginen dira bideak eta pistak garbitzeko eta konpontzeko, herria garbitzeko...

Zer behar ikusten dituzu herrian? 

Herrian barna pasatzen diren ibilgailuen abiadura modu batean edo bertzean murriztuaraztea. Plaza ingurutik abiadura dezentean pasatzen dira eta azkenean sustoren bat izanen dugu. Horrez gain, zor historiko bat dago Aritzakun auzoarekin. Bi naturgune daude paraje horietan, auzokideak, baserriak, nekazariak…. Eta ikaragarrizko beharra dago bidea behingoz eta behin betiko moldatzeko.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun