Lorea Lizarretak lortu du ikasketa akaberako lana egiteko dirulaguntza

Ttipi-Ttapa 2021ko api. 8a, 11:00

Jauregia esnekietarako postretarako esneki berria diseinatzea du helburu Lizarretaren proiektuak. Txosten bat izanen da emaitza, ekoizpen berri horren formulazioa, elaborazio prozesua, merkaturatzea eta salmenta bilduko dituena.

Urtero bezala, bailararekin zerikusia duten ikasketa akaberako lan eta proiektuei 500 euroko dirulaguntza emateko deialdia egin du Baztango Udalak. Aurten bi proiektu aurkeztu dira, baina epaimahaiak bat baztertu du. Hortaz, Lorea Lizarreta erratzuarrari esleitu zaio beka, lana aurkeztu ondotik jasoko duena.

Elikagaien Prozesu eta Produktuen Berrikuntzan gradua egiten ari da Lizarreta Nafarroako Unibertsitate Publikoan. Orain, gradu amaireko lan bezala, Jauregia esnekietarako postre berria diseinatuko du. Horretarako, merkatuaren azterketa egin beharko du, produktuaren definizioa, diseinu esperimentala, emaitzen azterketa, kostuen estimazioa eta produktuaren behin betiko aurkezpena.

Ikasleei dirulaguntzak

2016an hasi zen Baztango Udala bailararekin zerikusia duten proiektuak diruz laguntzen. Geroztik, zortzi beka eman ditu eta bailarari buruzko hainbat lan egin dira; turismoa Baztanen, XVII-XVIII. mendeetako goi-mailako etxeen tipologia, mutil-dantzak eta emaztekien parte hartzea, Baztango haur eskolaren proiektu pedagogikoa, Amaiurko euskararen berezitasunen azterketa, emakume etorkinen egoerari buruzko lana, Baztango nekazaritza XVI. mendetik XVIII. menderat; Baztango turismoa iraunkorra al da? eta XVIII.  mendetik aitzinera bailarako auzokide izateko irizpideak nola aldatu ziren aztertzen duen lana. 500 euroko lau dirulaguntza banatzen ditu gehienez deialdiak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun