Parke naturalei buruzko mahai-ingurua eginen dute Baztanen apirilaren 16an

Ttipi-Ttapa 2021ko api. 12a, 19:00
Mendizaleak Aizkolegi inguruan, Bertizko natur parkean.

Apirilaren 16an Iruritako gizarte bilgunean eginen dute mahai-ingurua, 19:00etan. Edukiera mugatua izanen da eta sarrerak Arizkunenean eskuragarri daude dagoeneko.

Parke naturala tokiko garapenerako tresna? goiburuarekin, Ipar Euskal Herriko mendialdea parke natural bihurtzeko egitasmoaren inguruan solastatuko dira mahai-inguruan. Baztanekin muga egiten duten udalerri guztiak sartzen ahalko dira proiektuan eta garapen iraunkorra bultzatzea du helburu, ingurumena, ekonomia eta alderdi soziala kontuan hartuta. 2018an parkea egiteko aukeren azterketa egin zuten eta orain estatutuen idazketarekin hasiko dira. Nafarroa Beherea, Lapurdi eta Zuberoako 111 herri hartuko lituzke parkeak.

Arras Baztanek udalarekin batera antolatu duen mahai-inguruak hiru parte-hartzaile izanen ditu: Battita Laborde (Euskal Hirigune Elkargoko Mendiko kontseilari delegatua eta Euskal Mendia eskualdeko parke naturaleko Zuzendaritza Batzordeko burua), Andde Sainte-Marie (Akitania Berria Eskualdeko Kontseilaria eta Mendigune- Artzaingo delegatua) eta Pablo Muñoz Trigo (Nafarroako Gobernuko Ingurumeneko Zuzendari Nagusia).

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun