200-250 hektarea inguru erre ditu Auzako suteak

Ttipi-Ttapa 2021ko mar. 31a, 16:30

Sutea kontrolatzea lortu dute suhiltzaileek mendizainen laguntzarekin. Gaur ilunabarreko itzaltzea espero dute.

Irudiak: Nafarroako Suhiltzaileak

Astelehen ilunabarrean hasi zen sua Auzan, 20:30ak aldera, norbaitek piztuta. 200-250 hektarea inguru erre direla kalkulatzen du Juan Kruz Iriarte Baztango nekazaritza eta ingurumen zinegotziak, sutearen bilakaera eta ondorioaren balorazioa egin diguna. Helikopteroa zailtasunak izaten ari da lana egiteko lekua dela eta, hala ere, erreka baterantz doa sua eta ilunabarreko itzaltzea espero dute suhiltzaileek. Suteak «ondorio latzak» utzi dituela kontatu digu Iriartek, larre garbia erretzeaz gain, «naturarendako babesguneak zirenak ere txikitu baititu». Baztango Udalak bertan egindako 10-12 urtetako haritz, lizar eta bertako bertze zuhaitzen landaketak ere erre egin dira. Kaiet Itoiz Erratzuko alkateak erran digunez, bi borda baziren sutearen ingurutik, baina biak libratzea lortu dute suhiltzaileek, bat nahiko larri eta bertzea aisago.

Hiru sute hiru egunetan

Igande ilunabarrean Azpilkuetako Larro inguruan hasi zuten asteko lehenbizko sua, 50 bat hektarea erre zituenak guztira. Astelehenean izan zen bigarrena Erratzun, Auza mendian. Atzo, martxoaren 30ean, bertze sute bat izan zen Elizondoko Antzanborda auzoan. Oraindik ez dakite zehazki zer pasatu den, baina norbaiteri suak esku hartetik ihes egin ziola uste dute. Hor ere, haritz amerikarreko landaketa partikular bat erre da, 5-6 hektarea inguruko zonaldean.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun