Igandean iluntzean Auza mendian piztu zen sutea ezin itzaliz dabiltza oraindik

Ttipi-Ttapa 2021ko mar. 31a, 12:08

Iñarbildik Auza aldera igande gauean piztu zen sutea ezin itzaliz dabiltza gaur, asteazkenean. Sutea inguru malkarrean dago, sarbide gutiko ingurua da eta sugarrek aitzinera segitzen dute haizearen kontrako noranzkoan. Izan ere, sobera haize dabil helikopteroa itzaltze lanetan aritzeko eta, hortaz, suhiltzaileak eta mendizainak eskuz, bertatik bertara, ari dira sua kontrolatu nahian. Mendizainekin batera, Oronozko parkeko bi brigada eta Cordovillako bat ari dira lanean. Behin-behineko kalkuluen arabera, suteak dagoeneko 200 hektarea larre baino gehiago erre ditu, sasi eta oteak batez ere.    Irudiak:  Albaro SOULE.

Sugarrek motel egiten dute aitzinera haizearen kontra, eta gaur amildegi batera ailegatuko dira. Hor hezetasun gehiago izanen da eta bide bat ere bada suebaki eginen duena. Horrek sutea kontrolatzen lagunduko luke, baina suhiltzaileen dituzten aurreikuspenen arabera, ia egun osoan egonen da aktibo. Behin-behineko kalkuluen arabera, erretako azalera 200 hektareatik gorakoa da, eta gaur erretzen ari direnak gehitu beharko zaizkie. Ez du inolako baserri edo bordarik kaltetu, eta ez dago herrigunerik inguruetan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun