COVID-19: Elkarrizketak

«Txertoen erreakzioek beldurra sortu dute baina seguruak dira»

Ttipi-Ttapa 2021ko api. 3a, 08:00

Arroabarrenek Nafarroako Ospitale Guneko Alergologia zerbitzuan lan egiten du.

Nafarroako Ospitale Guneko Alergologia zerbitzuan lan egiten du Arroabarrenek eta alergiez eta haiei kontra egiteko neurriez, alergikoez eta Covid-19az, eta txertoez mintzatu da Ttipi-Ttaparekin

G. PIKABEA | ELIZONDO

«Kontraindikaziorik ez badago, Covid-19aren kontrako txertoa hartzea komeni da». Txertoek izan ditzaketen erreakzioen gaia puri-purian dagoenean, halaxe adierazi dio Esozia Arroabarren Alemanek (Elizondo, 1974) Ttipi-Ttapari. Ikasketaz pediatra eta alergologoa da Arroabarren, 2004an, ikasketak akitu zituenean Donostian pediatra lanetan ibilia eta 2010az geroztik Nafarroako Ospitale Guneko Alergologia zerbitzuan ari dena. Bertzeak bertze, alergiak eta haiei kontra egiteko neurriak, alergikoak eta Covid-19a, eta txertoak izan ditu hizpide.

Udaberria alergien garaia da?

Alergia kasuak adinaren eta bizilekuaren araberakoak dira. Gure eskualdean, adibidez, alergia kasu gehienak akaroei lotutakoak dira. Akaroei hezetasuna gustatzen zaie, eta sintomak urte osoan suma ditzakete, bereziki, udaberrian eta udazkenean. Polenari alergia diotenak, berriz, udaberrian gaixotzen dira, polen aunitzeko garaia izaten delako. Baina orokorrean, alergiaren araberakoa da gaixotasuna agertzen den garaia.

Alergia kasuetan, zein izaten da tratamendu prebentiboa?

Alergia edozein dela ere, lehenbiziko pausoa kalte egiten duena alde batera uztea izaten da, edo neurri batean saihestea. Akaroei alergia dietenei, erraterako, etxean hezetasuna murrizteko ahalik eta neurri gehien hartzeko erraten diegu: haurrei pelutxeak kentzeko, maindireak ur beroarekin garbitzeko... Baina gehienetan neurri horiek ez dira aski sendatzeko eta, bigarren pausoa sintomen araberako tratamendua jartzea izaten da. Mukia edo doministikuak izatean, ahoz hartzen diren antihistaminikoak lagungarriak izaten dira; bertze erremedio batzuk espraiak izaten dira eta asmaren sintomak tratatzeko inhalagailuak erabiltzen dira. Erremedioa eta horren maiztasuna eta dosia larritasunaren araberakoa da. Alergia batzuetarako txertoak ere badira. 

Bereziki haurrekin aritzen zara. Orduan agertzen dira alergiak?

Berez, edozein adinetako pazienteak izan ditzaket, baina praktikan gehienak haurrak dira. Alergien diagnostikoak orden berezi batean agertzen dira eta horri martxa atopikoa deitzen zaio. Sortu eta berehala, bularreko haurretan, dermatitis atopikoa da ohiko diagnostikoetako bat, batzuetan alergiari lotutakoa eta bertzeetan ez. Ondoko hilabeteetan, jatekoa egunerokoan sartzean, bertzeak bertze, esneari edo arrautzari alergia dieten kasuak agertu ohi dira. Bat, bi edo hiru urteko haurren artean, bronkiolitisa eta bronkitisa agertzen dira, eta hiruzpalau urterekin errinitis alergikoak. 

Hortik aitzinera zein izaten dira ohiko alergiak?

Helduetan ere errinitis alergikoa, asma kasuak, eta erremedioei edo janariari lotutako alergiak izaten dira ohikoenak, baita azaleko alergiak ere. 

Aurtengo udaberria nolakoa izatea espero duzue?

Neguko prezipitazioaren araberakoa izaten da. Aurten, gaixoek maskara erabilita, hobekuntza nabaritu dutela aipatu digute. Haurren artean, katarro eta infekzio kasuak ere aunitz jaitsi dira, eta udaberrian polinikoek eragina nabarituko dutela espero dugu. 

«Alergia kontrolatua izateak aunitz laguntzen du» 

Esozia ARROABARREN, Elizondoko alergologoa

Pandemiak zein neurritan eragin du zure lanean?

Lan egiteko modua aldarazi digu. Gure lanean, arnas frogak ohikoak izaten dira: espirometriak, oxido nitrikoaren neurketak.... Baina orain, arnas proba horiek egin aitzinetik PCRa eskatzen dugu. Covid-19a infekzio kutsakorra da, sintomarik ez dutenek ere kutsa dezaketena, eta inor kutsatuko ez dela bermatzeko PCRa eskatzen dugu. Hortik aparte, kontsultak aunitz gibelatzen ari dira. Ezin dugu lehenago itxaron-gelan sartzen zen paziente kopurua onartu orain. Gainera, alergiari lotutako kontsultak luzeak izaten dira eta denbora gehiegi da jendea itxaron gelan edukitzeko. Lehenagoko solasaldiak orain telefonoz egiten ditugu, eta emaitzak frogak egitera etortzean ematen dizkiegu. Horrek guztiak denbora gehiago eskatzen du. 

Covid-19arekin, alergia eta asma dutenak arrisku taldean daude?

Ez. Gaixo alergikoek ez dute koronabirusagatik makurrago pasatzen. Aurten, gainera, kontsultetan eta larrialdi zerbitzuetan udazkenean eta neguan asma krisi edo bronkiolitis kasu gutxiago izan direla sumatu dugu. Ez dakigu inhalagailuarekin segitzearen eta tratamendua mantentzearen garrantziaz ohartarazi dugulako edo maskararen ondorio izan ote den, baina errealitatea hori da. Bertzetik, Covid-19arekin alergia izatea baino aise makurragoa da lodi egotea edo gaixotasun kardiobaskularrak izatea. Alergia izatea ez da arrisku faktorea; aurten ikusitako datuekin ondorioztatu dugu alergiak ez duela loturarik ez errazago kutsatzearekin ez pronostiko makurragoa edukitzearekin.

Kezka sumatzen da txertoek erreakzioak eragin ditzaketela eta...

Bai, beldur handia sortu da, baina gehienetan txertoak arras seguruak dira. Covid-19aren kontrako txertoekin esperientzia ttikia dugu, baina bertze txertoen ondorioz sortu diren alergia kasuak arras arraroak dira. Covid-19aren aurkako txertoen osagaiei alergia dieten kasuetan baino ez da debekatzen txertoa paratzea eta halako kasuak arras guti dira. Horregatik, txertatu aitzinetik gaixotasun alergikoari buruz galdetzen da eta diagnostikoaren arabera erabakitzen da eman edo ez eman, behaketa berezia behar den edo ez, edo bertzelako neurri bereziak hartu behar diren edo ez. Zenbait erremedio arruntek txertoek baino alergia kasu gehiago sortzen dute. Edozein moduz, norbaitek zalantzarik baldin badu medikuari galde diezaioke.

Covid-19aren kontrako txerto guztiak seguruak dira alergia edo asma dutenentzat?

Bai. Txerto guztiek kontraindikazioak dituzte, eta horregatik gaixo bakoitzaren mediku-historiala aztertu behar da, baina kontraindikaziorik ez badago, txertatzea komeni da.

Txertoa hartu dutenen artean erreakzioak izan dira...

Batek edo bertzek izan dute, baina oraindik goizegi da sintomak txertoaren ondorio izan diren edo ez baieztatzeko. Edozein erremediok, janarik edo produktu naturalek ere alergia sor dezakete. Probak egin eta baloratzeko denbora behar da. Erremedioei alergia dietenen kasuan, adibidez, bederen hilabete bat behar da sintomak alergiaren ondorio direla ondorioztatzeko.

Esozia Arroabarren medikua da. 

Gero eta alergia kasu gehiago daude? Zergatik?

Iduri duenez, bai. Batetik, gaixotasun alergikoak gehitzen ari dira, baina bertzetik, jendeak g

ero eta informazio gehiago du eta maizago eskatzen du alergologoarekin hitzordua. Teoria aunitz daude alergiak goititzearen gibelean. Genetikaren edo giroaren araberakoa izan daiteke... Ez dago erantzun laburrik.

Kutsadurak badu eraginik?

Teorian bai. Kutsadurak alergiaren sintomak agertzearekin edo sintomak okertzearekin zerikusia izan dezake. Asma krisi baten larritasunarekin, adibidez, badu lotura pixka bat. Baina ez da horren ondorioa bakarrik, faktore aunitz hartu behar dira kontutan.

Zein aholku emanen zenieke asmatikoei eta alergia dutenei?

Alergia zeri dioten baldin badakite hori saihesteko neurriak hartzea gomendatuko nieke, baita erremedioak hartzea ere.  Gaixotasun alergikoei kontra egiteko ematen diren erremedioak arras seguruak dira eta ongi egoteko tratamenduarekin segitzea garrantzitsua da konplikaziorik ez agertzeko.

Orain inoiz baino garrantzitsuagoa da neurriak hartzea?

Bai, baina ez Covid-19ak alergikoak gehiago kaltetzen dituelako; alergia kontrolatua izateak aunitz laguntzen duelako baizik. Eztula, mukia, zintzurreko mina edo gisako sintomak hastean, medikuak Covid-19aren ondorio diren edo ez baieztatzeko duen modu bakarra PCRa edo test azkarra egitea da. Alde horretatik, alergia dutenek erremedioak hartuta sintomak kontrolpean izatea arras lagungarria izan daiteke. Erremedioak hartzen ez badituzte, sintomak maizago izanen dituzte eta maizago joan beharko dute medikuarengana, eta ondorioz, sintomak Covid-19aren ondorio ez direla ziurtatzeko probak egin beharko dituzte, baita isolatu ere. 

Alergien eta Covid-19aren sintomak nahasgarriak dira?

Teorian Covid-19ak sukarra eta usaimenaren edo dastamenaren galera eragiten ditu, baina praktikan denetarik ikusten ari gara. Konparazio batera, umeen artean, sintomen zerrenda arras-arras luzea da: sukarra, mukiak, bronkitisa... Ez nintzateke atrebituko probarik gabe horietako bakoitza alergiaren eta ez Covid-19aren ondorio dela erratera. Hortaz, alergikoek sintomak kontrolpean badituzte, aunitzez errazagoa da dena eta horretarako erremedioak hartzea komeni da. Horrekin batera, arras garrantzitsua da zuzen jokatzea, eta Covid-19arekin kutsatua izatearen susmoa izanez gero, ezin da bizitza normala egiten segitu; isolatu eta etxean gelditu behar da. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun