Bertan behera utzi ditu Baztango Rugby Taldeak denboraldiko kirol-ekintzak

Ttipi-Ttapa 2021ko mar. 30a, 17:00

Pandemia dela eta, errugbia segurtasunez praktikatzeko neurriak bermatu ezin dituela jakinarazi du taldeak prentsa-ohar batean.

Nahiz eta gomendatutako neurri guztiak bete eta errespetatu (aldagelak ez erabili, materiala ez elkarbanatu, materiala desinfektatu...), taldekideak kontaktu zuzenean egoten direla erran du elkarteak, kontaktuko talde-kirol batean ez direlako distantziak errespetatzen eta ez daukatelako babesik. Hau ez dute bateragarria ikusten gaur egungo egoerarekin, koronabirus kasu bat izanez gero 25 laguneko taldea konfinatu beharko zutelako. Jokalarien, entrenatzaileen, haurren eta familien segurtasuna bermatzeko, 2020/21 denboraldiko kirol-ekintzak alde batera utziko dituzte.

Gainera, taldeak azpiegitura exkaxak dituela gehitu dute, ezin dute protokolorik aitzinera atera eta pandemiaren ondorioak ere nabariak dira taldekideengan. Horregatik, azpiegitura sendoa eraiki nahi dute 21/22 denboraldiari begira udan martxan jartzeko.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun