Kontzertua emanen du Xabier Xubelet eta Xamanat taldeak Arizkunen larunbatean

Ttipi-Ttapa 2021ko api. 1a, 08:00

Arizkungo komentuko larrainean emanen dute X. Xubelet eta Xamanatek kontzertua dohainik apirilaren 3an, 12:00etan.

5 kontzertu antolatu ditu Baztango Udalak Arizkunen Xabier Xubelet artistak, Nat Cazarré gitar-joleak eta Maddi Irigoyen biolinistak osatutako taldearen eskutik. Oi ene Ugarte! izeneko kontzertua asteburu honetan izanen da, eguerdian eta dohainik. Udan izanen dira hurrengo lauak, Xubelet eta Cazarrek emanen dituzten ordu eta hogei minutuko kontzertuak: uztailaren 16 eta 30ean eta abuztuaren 13 eta 20ean, leku berean, 19:00etan.

Ibilaldi Bohemioa

Honez gain, kontzertuaren bezperan, ortziral honetan, Ibilaldi Bohemioa eginen du Xubeletek Arizkunen 16:30ean. 2 orduko ibilaldia honek 10 euroko prezioa izanen du. Arizkundik ibiliko den itzulian, Xubeleten estudio eta erakusketa ikusiko dute lehenbiziko, Sasternea etxean eta handik Urtsua Jauregira joanen dira. Bidea girotuko du Xabierrek gitarrarekin batera hainbat kantu abestuz (berak idatzitako abestiak zein Mikel Laboarenak, betiere Baztanekin lotuak), kondairak hitzez eta kantuz kontatuz. Herrira itzultzean Gamioxarrea dolareari bisita eginen diote, azken kantua sagardoari egin eta trago bana hartzeko. Uda honetan ortziralero eginen du itzuli hau Xumeletek Arizkunen, arratsaldeko bortzetan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun