Atzo, martxoaren 25ean, egindako osoko bilkuran Baztango Udalbatzak 5Garen hedapena gibelatzeko mozioa onartu zuen EH Bilduren aldeko sei bozkekin, Navarra Suma eta Geroa Bairen aurkako bortzekin eta Ezkerraren bi abstentzioekin.
Ingurumena eta klima interes ekonomikoen gainetik
Akordioan gaiari buruz dagoen «eztabaida publiko eskasa eta osasunaren, ingurumenaren eta klimaren inguruan dagoen azterketa independenteen gabezia» aipatzen dira. Horregatik, teknologia horri buruzko «eztabaida pluralista» galdegiten dute, «gardena, eta ez interesetara lotua».
Aipatutako idatzi hori Akordioak Telekomunikazioen Lege Orokorraren aitzinproiektua baztertzen du, udal-autonomiaren aurka egiten duelako, telekomunikazio sareen hedapen, kontrol eta jarraipenari dagokionez. Aldi berean, zuhurtasun-printzipioaren arabera, udalek jokatzeko eskubidea izatea aldarrikatzen du.
Modu berean, Telekomunikazio Legearen edozein aldaketa osasun, ingurumen eta klima irizpideak kontuan hartuta egiteko eskatzen dute idatzian, eta «ez interes ekonomikoetara makurturik».
Kezka andana
Udalak onarturiko idatzian kezka hauek plazaratzen dira: «5G sarearen hedapenak ez du zuhurtasun-printzipioa eta ingurumen azterketa kontuan hartzen; energia kontsumoa handitzen du, klima aldaketa larriagotuz; 5Gak dakarren zahartze teknologikoak mineralen erauzketa handitzea dakar eta zabor elektroniko gehiago ere bai; behar berriak sortzen ditu, arraildura sozial eta digitala handituz; 4.0 nekazaritza eta abeltzaintza intentsibo eta kutsatzailearen erreminta da; kontrol eta zaintza sozialerako erabilera du; oraingo menpekotasun teknologikoan eta hortik heldu diren arazoetan sakontzen du; gainera eztabaida soziala eta herritarren parte hartzea saihestu dira eta Telekomunikazioen Lege Orokorraren aitzinproiektuak telekomunikazioen arloan udalen ahalmen pizarrak kentzen ditu».
Baztanen onarturiko mozioaren idurikoak Europako hiri eta hainbat eskualdetan eztabaidatzen eta onartzen ari dira: Lyon, Lille, Bordele... Frantzian; Belgikako Bruselako eskualdean, Suitzako Genova eta Neuchâtelen, e.a.