Kepa Lazaro Larrazabal

«Gure asmo bakarra ongi pasatzea eta ongi pasaraztea da»

Ttipi-Ttapa 2021ko mar. 27a, 09:00
Kepa Lazarok banjoa jotzea eta kantatzea maite du. Argazkia: Joakin Iriarte

Kepa LAZARO LARRAZABAL, The Drunken Barrels taldeko abeslaria

Irlandar musika, bertsioak, lantzen ditu The Drunken Barrels musika talde baztandarrak. «Adin guztietarako egokia den besta giroko musikak» entzuleen arreta erakarri du emanaldi guztietan

Orain hogeita hiru urte sorterria utzi eta Elizondora jo zuen Kepa Lazaro Larrazabalek (Galdakao, 1966). Egun, bertan du habia eta «arras gustura» bizi da Baztanen. Herriarekin eta herritarrekin duen loturatik, musikarekiko duen zaletasunari segida emateko modua harrapatuta, The Drunken Barrels taldean ari da egun. 2018ko azaroaz geroztik, irlandar estiloko musika lantzen du bertze sei baztandarrekin batera. Musika joz gozatzea eta gozaraztea du helburu. 

The Drunken Barrels taldeko abeslaria zara… Lehendik ere bertze talderen batean ibilia zara?

Galdakaon gaita, panderoa, gitarra… jotzen nuen eta ia nahi gabe talde bat egiteko aukera sortu zen. Lagun baten ostatuan besta egiteko elkartu ginen eta hor mexikar kantu batzuk prestatu eta jotzea proposatu ziguten. Halaxe hasi ginen eta azkenean benetako talde bihurtu ginen. Iguana y Los Jumiles taldearekin hamar urtez bestaz besta ibili nintzen. Hemen [Baztanen] ere izan nintzen hainbatetan.

2018an sortu zenuten talde berria… Nola eman zenuten pausoa?

Kasu honetan ere ingurukoek animatuta hasi ginen. Lagun batek San Patrizio Eguna, Irlandako patroia, ospatzeko irlandar kanta batzuk prestatzera animatu gintuen. Solasean hasi eta batek eta bertzeak ezagutzen genituenak aipatuz, zazpi elkartu ginen. Lehenbiziko pausoa elkar ezagutzea izan zen, bistaz ezagutzen ginen arren... Gero kanta batzuk aukeratu genituen, nola egin genezakeen pentsatu eta bertsioak sortzen hasi ginen. Hasieran kanta ezagunak aukeratu genituen eta horrek lagundu zigun.

Nork osatzen duzue taldea?

Etxe bakoitzeko saltseroenak gaude, adin guztietako zazpi musikari gara. Bateria Mikel Fagoagak (Elizondo) jotzen du; baxua Iñigo Beltzunegi elizondoarrak; akordeoia Iban Dufurrena erratzuarrak; Xabier Durruti arizkundarrak armonika, txirula eta gitarra; ama gartzaindarra duen baina Irunen bizi den Endika Beltranek biolina; eta Izargi Zumarraga arraioztarrak gitarra akustikoa, zeharkako txirula eta abestu egiten du. Eta nik banjoa jotzen dut eta abestu egiten dut.

Non ikasi duzu banjoa jotzen?

Nire banjoak tranpa du. Irlandan jotzen duten banjoak lau soka ditu eta bertze afinazio bat du. Estatu Batuetan bertze banjo mota bat jotzen dute, bertze afinazio bat duena baina bortz soka dituena. Dena den, nik gitarra pixka bat nekienez, gitarra antzeko banjo bat dut, gitarra bezala jotzen dena baina banjo soinua duena.

Nola izaten da bertsioak egiteko prozesua?

Baten batek proposatzen du, bideoa edo abestia partekatuz eta polita eta erraza iruditzen bazaigu horrekin hasten gara, bakoitza bere kabuz. Nik lehenbizi Interneten akordeak badiren begiratzen dut eta bertzela nik ateratzen ditut. Zein tonutan kantatzen dugun begiratzen dut, ea tonua ongi dagoen, belarriz egiten dut… Gero, jo bitartean, hobekuntzak proposatzen ditugu, musika tresna bakoitza non sartu…

Denbora aunitz pasatu zen taldea sortzetik plazaratu arte?

2018ko azaroan hasi ginen elkartzen, udaletxean taldeak entseatzeko duten gela batean edo gaztetxean. Lehenbiziko emanaldia 2019ko martxoaren 17an egin genuen, Elizondoko gaztetxean eta ordurako hamar kanta inguru prestatu genituen.

Nolako harrera izan zuen?

Jendeari aunitz gustatu zitzaion, gaztetxea lepo bete zen, giroa ederra izan zen. Ondotik, bertze toki batzuetan jotzeko hasi ziren… Ez genuen halakorik espero. Aditzeko erraza den musika da, besta girokoa, alaia... horrelakorik ez dago inguruan eta horregatik izan daitekeela uste dut. Ekitaldi batzuetarako bertze estilo batzuk baino aproposagoa da. Errate baterako, Arizkunen egon ginen Kirikoketa Bestan eta horrelako musika, ez tradizionala ezta rocka ere, egokia dela uste dut, adin guztietako jendearentzat egokia den musika delako.

Zertan eragin du koronabirusak zuen martxan?

Ezin dugu entsegurik egin, ezin gara toki itxi batean elkartu ez garelako profesionalak. Pentsa, plazan ere egin izan dugu entsegurik, bertze modurik ez genuelako… Gure kasuan hau zaletasuna da, ez da etorkizuneko proiektu bat eta gure asmo bakarra ongi pasatzea da eta ongi pasaraztea da. Hala ere, bada hortik bizi nahi duen jendea, ilusio hori duena… Horren harira, eskertzekoa da Baztango Udalak egin duen lana, neurriak betez baina hemen kultura ez da eten.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun