Lorea Plaza Martinez

«Baztan ez dago geldirik, bizitza eta etorkizuna ziurtatu nahi da»

Ttipi-Ttapa 2021ko mar. 27a, 11:00

Lorea PLAZA MARTINEZ, Lekarozko gaztea.

«Familia, lagunak, bikotekidea, jendea, ospakizunak, bilkurak...» hori eta aunitzez gehiago da herria Lorea Plazarendako (Lekaroz, 1999). Aunitzendako bertze toki bat bertzerik ez dena bere «zati haundi-haundi bat» da, «nolabait errateko bertan eraikitzen baitut bizitza».

Ingurua eta harremanak

Herrian bizi da eta herriarekiko loturari eutsi nahiko lioke Plazak. Hortaz, argi du herrian ez bada «Baztanen» bizi nahiko lukeela. Argia da bere nahia, eta argia zergatiak: «naturarekin harremantzeko aukerak bertze leku aunitzetan baino nabarmenagoak dira, hizkuntzak eta ohiturek bertze balio bat dute, haur, gazte zein heldu izan harremanak anitzagoak eta hurbilagoak dira... Herri ttiki batean hazi, hezi eta bizi diren gehienek bezala, nik ere sumatu ditut abantaila horiek». 

«Eskolak haur eta gurasoen presentzia ugaritu du»

Lorea PLAZA MARTINEZ, lekaroztarra

Horri guztiari eusteko, etorkizuna behar da eta etorkizunari begira jartzea «zaila» den arren, Lekarozko gazteak «herrian edo inguruko herriren batean bizi nahi duen gazte andana» dagoela uste du. Lekarozi dagokionez, berriz, «desjabetu nahi diren lurretan pelotazo urbanistikoa gertatzearen» beldur da: «hori gertatuz gero ez dut horren garbi ikusten...». 

Galdu eta irabazi

Orain artean herriko bizimoduan izan diren aldaketak erabakigarriak izan dira eguneroko martxan. Eta horien artean, ondorio zuzena izan duten bi ekarri ditu gogora lekaroztarrak. Ate bat ixteak aukera bat mugatzen du maiz eta horri lotuta, «orain dela urte pare bat herrian genuen ostatua hesteak» eragindakoa  oroitu nahi izan du, «ordutik herriko mugimendua dezente aldatu da, neguan batez ere, ostatua herrian biltzeko aitzakia baitzen aunitzendako». Edozein modutan, «eskola berriz martxan paratzearekin» aunitz irabazi dute: «haur eta gurasoen presentzia ugaritzea eragin du...». 

Baztanen etorkizunaren alde lanean

Herria bizirik eusteko gogoa nabarmena da Lekarozen eta bailara osoan Plazaren ustez, baina gogoz kontrako trabek ez dute mesederik egiten: «emantzipatzeko zailtasunak ditugu, eskuragarri egon daitezkeen etxebizitzak falta dira... Hutsik dauden etxebizitzak izan badiren arren jabeek ez dituzte saldu edo alokatu nahi». Saltzeko daudenen artean ere, «saldu artean ez dituzte alokatzen eta etxebizitza aunitz apartamentu turistiko bilakatu dira». Hori «arazo koxkorra da herrian bizi nahi dugun gazteondako». 

«Herriko jendeak herriaren izatea berdingabea egiten du»

Lorea PLAZA MARTINEZ, lekaroztarra

Bailaran bizi eta bailararen alde egiteko nahiaren lekuko dira «indarrean dauden mugimenduak». Eta, horien artean, bat baino gehiago nabarmenduko lituzke Plazak: «orain guti Elizondoko zahar etxeko langile eta erabiltzaileen lan eta zaintza baldintza duinen alde egin zen kate erraldoia bertzerik ez da ikusi behar. Jendea herritarrengatik, herriarengatik mugitzeko prest dago. Hemen bizi nahi ez bada zergatik borrokatu?». Hori «adibide bat bertzerik ez» da, «zerrenda luzea» baita: «Hor dabiltza tokiko ekonomia eta ingurumenaren alde Erdiz Bizirik plataforma, Aroztegiko UGPSaren aurka Aroztegia… eta gero zer? plataforma, uneko etxebizitzaren aferaren inguruan buru-belarri Gazte Asanblada eta Elkartasun Sareko etxebizitza lantaldea». 

Talde eta borroka bakoitzak «Baztan ez dagoela geldirik» erakusten du, «bizitza eta etorkizuna ziurtatu nahi direla» alegia. 

Hamabortz herri,   hamabortz izate

Baztan ez da Elizondo bakarrik, hamabortz herrik, hamabortz taupadek osatzen dute. Eta, hori garbi uztea komeni da, «Elizondozentrismoa gero eta nabarmenagoa» delako: «Lekarozen kasuan ostaturik edo elkartzeko espaziorik ez edukitzeak Elizondora joateko joera handitu du... Kuadrillek han elkartzeko ohitura dute». Hala ere, udaberriarekin batera hori ez da horren nabarmena «eguna luzatu eta eguraldia hobetzearekin batera herriko mugimenduan sumatuko da». 

«Elizondozentrismoa gero eta nabarmenagoa da»

Lorea PLAZA MARTINEZ, lekaroztarra

Mugimendu horretan egotea edo ez egotea, «norberaren erabakia» dela uste du, «etorkizuna bermatzeko jendea behar dela garbi dagoen arren, batzuek euren burua herrietatik at ikusten duten bezala, bertze batzuek herrian bizitzen segitu nahi dute». 
Azken aukera horren alde egiten dutenak dira Plazaren ustez «herriari izatea ematen» diotenak: «herriko jendeak egiten du herri bat berdingabe».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun