Elizondo eta Elbete artean ibilbide turistiko bat egiteko auzolanean ari dira

Ttipi-Ttapa/Xorroxin 2021ko mar. 23a, 15:00
Dozena bat lagun bildu ziren martxoaren 20an egin zuten auzolanean.

Oinaska inguruan egin nahi dute ibilbidea eta udarako prest egotea nahiko lukete.

Elizondoko eta Elbeteko herriak, Baztango Udalaren laguntzaz, Oinaska inguruan ibilbide turistiko bat egokitzeko lanean ari dira. Proiektu horren bidez, historikoki garrantzitsuak diren hainbat gune lotu eta ikusgarritasuna eman nahi diete. Lehenbiziko lana bideak garbitzea da eta horretarako lehenbiziko auzolana martxoaren 20an, joan den larunbatean, egin zuten eta dozena bat lagun bildu ziren. Heldu den larunbatean, hilaren 27an, berriz bilduko dira.

Ibilbidea eta interesguneak

Elizondoko alkateak, Aitor Bazterrikak, adierazi duenez, ibilbidea oraindik «zehaztu gabe» dago. Hala ere, buruan dutena «Elizondoko plazan hasi eta akituko den buelta zirkular bat» da. Tartean, «Oinaska izanen litzateke lehenbiziko interesgunea, baserritarrak mezara joaten zirenean zapatak garbitzen zituzten tokia». Hortik goiti kisulabea, ur-jauzia eta meategiak daude: «ur-jauziak udan ez du urik izanen baina meategi batzuetan sartu ahal izanen da...».

Horrez gain, Autxikoborda azpian «Elizondo eta Elbeteko begiratoki bat egiteko aukera» ere mahai gainean dute, «bista zoragarriak daude eta». Hortik bertze mina batzuk bisitatu eta GR bidetik herrira bueltatzeko aukera izanen litzateke. Norabide bakarreko ibilbidea izanen da eta, aitzineratu dutenez, seinalizazio argia izanen du.

Bazterrikak nabarmendu duenez, proiektu honek bi ardatz nagusi ditu: «batetik, herritarrek egiten duten auzolana eta bertzetik, Baztango Udalaren laguntza». Hortaz, «Elbeteko alkate den Imanol Juanikotenari egin duen elkarlanagatik eta hurbildu diren herritar guztiei eman duten laguntzagatik» eskerrak eman nahi izan dizkie. Bide batez, Baztango Udala ere proiektua aitzinera eraman ahal izateko «ezinbertzekoa» dela gaineratu du: «azken batean Baztango Udala makineria alokatzeko eta bertzelako lanetarako kostuak ordaintzeko sustengu garrantzitsua da guretzat».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun