Palacio de Arozteguiak Aroztegiko urbanizazio-lanak hasteko zuinketa-akta edo acta de replanteo delakoa egin du martxoaren 18an. Horren harira, elkarretaratzea deitua zuen gaur goizean hamarretan Aroztegia eta gero zer? Plataformak eta horrekin bat egin dute Ernaiko gazteek ere, herritarren hitza errespetatzeko eskaria eginez.
Baztango Udalaren harridura
Baztango Udalak harriduraz hartu du jakinarazpena, Nafarroako administrazioarekiko auzien salak 2020 uztailaren 17an eman zuen epaian Obras y servicios Tex SL enpresari egindako urbanizazio lanen esleipena baliogabetu baitzuen. Legearen arabera eraikuntza enpresa da zuinketa-akta sinatu behar duena.
Modu berean, Baztango Udalak eskuartean dituen informazioen arabera Palacio de Arozteguíak ez du urbanizazio lanen lizitazio berririk egin, Nafarroako Lizitazio Elektronikoen Plataforman halakorik ez baita ageri.
Egoera honetan Baztango Udalak Palacio de Arozteguiari argipenak eskatuz idatzia igorri dio, eta Nafarroako Gobernua ere jakinaren gainean utzi du, Nafarroako Gobernua izan baitzen Aroztegiko Udalez Gaindikoa den Sektore Plana onartu zuena eta proiektua foru interesekoa izendatu zuena.
Modu berean, urbanizazio lanen esleipenerako baldintza agiria baliogabetzeko erabakia hartu zuen Nafarroako Kontratu Publikoen Epaimahaia egoera honen jakitun da. Eta eskatu zaio Nafarroako Administrazioarekiko auzien salari galde egin diezaiola uztailaren 17ko epaia betearazteko.
Eraikuntza Zuzentzen duen Legearen arabera eraikuntza enpresa da zuinketa-akta sinatu behar duena. Baina Nafarroako Kontratu Publikoen Epaimahaiak 2019 uztailaren 23an akordioa hartu zuen baldintzen plegua baliogabetzeko LAB sindikatuaren helegiteari arrazoia emanez. Akordioak prozedurarekin aitzinerat egitea ezinezkoa egin zuen. Horren ondotik Palacio de Arozteguiak akordioa administrazioarekiko auzien salan errekurritu zuen, baina sala honek 2020 uztailaren emandako epaian Kontratu Publikoen Epaimahaiaren akordioa berretsi zuen, modu horretan urbanizazio lanen esleipena baliogabetuz.