Amaiurko gazteluaren setioa komiki bihurtuko dute

Ttipi-Ttapa 2021ko mar. 16a, 13:00

Euskal Herriko Ikastolen I. Komiki Lehiaketa martxan paratu dute. Lehenbiziko edizio honetan Amaiurko gazteluaren setioa izanen dute gaitzat eta lanak apirilaren 30a arte aurkeztu daitezke

Euskal Herriko Ikastolek I. Komiki Lehiaketa antolatu dute. Lehenbiziko edizio honetako gaia Amaiurko gazteluaren setioa izanen da. Horrela, lehiaketara aurkezten diren lanek 1522ko uztailaren 15etik 19ra bitartean gertatutakoak bildu beharko dituzte: Gaztela eta Aragoiko armadek Amaiurko gazteluaren setiatu zuten eta harekin akitu zen Henrike II.a Nafarroakoaren aldekoek egindako hirugarren saiakera.

Antolatzaileek azaldu dutenez, lehiaketa irekia izanen da 14 eta 16 urte bitarteko gazte guztientzat (ez da derrigorrezkoa ikastola bateko ikasle izatea) eta teknika ere librea izanen da, lanak PDF formatuan aurkeztu beharko diren arren. Lanak euskaraz idatziko dira eta komikiaren azala barne, gehienez, bortz orrialdetako luzera izanen dute. Proposamenak ehikomikilehiaketa@ikastola.eus helbidera bidali behar dira.

Epaimahaiak bidalitako komiki guztien artean onena zein den erabakiko du, eta saritutako komikia Xabiroi komiki aldizkariaren 2021eko urriko zenbakian argitaratua izanen da.

Azkenik, antolatzaileen helburua gazteen parte-hartzea sustatzea da. Horregatik, parte-hartzaile guztien artean hainbat sari zozketatuko dira: hiru tableta, Xabiroi aldizkariaren urteko hamar harpidetza eta Xabiroi bildumak (hiru bildumako bortz sorta).

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun