Bertze aunitzek bezala, lanetik kanpo «ohiturak aldatu» behar izan ditu. Geroztik, «arras plan sinpleak» ditu amets, eta horien artean bat aipatzearren, «lagunekin kafea hartzera edo afaltzera lasai joan» nahi du, «zenbat elkartuko garenaren kezkarik izan gabe». Hala ere, egoerak «bertze afizioak aurkitzeko» bide eman diola ere onartu digu.
Baina lanean ikusi duena eta tokatu zaiona ez da samurra izan. Elizondoko zahar etxean egiten du lan. Erizaina da lanbidez, eta 2020ko martxoan, guztia hasi zenean, «ikasketak akitu eta hamar hilabete neramatzan zahar etxean lanean». Aitortu digunez, «inor ez dago prest horrelako zerbaiti aurre egiteko eta nire kasuan esperientzia faltak ez zuen lagundu». Denborarekin, ordea, «egoerara ohitu» dela aipatu digu, «ez da bertze aukerarik».
Hasmentako «kolpe handia»
Pandemiarekin «lana handitu eta konplikatu» zaiela kontatu digu azpilkuetarrak, bere hitzetan, «horrelako pandemiak eskatzen dituen babes neurrientzako halako zahar etxe handia ez baita aproposena».
«Zahar etxean hasmentako momentuak izan ziren zailenak»
Leire BARRENETXE SANCHEZ
Beretako «hasmentako momentuak izan ziren zailenak». Elizondoko zahar etxean agerraldi handia izan zen udaberri hasmentan eta hura «kolpe handia» izan zela onartu du: «ez zegoen materialik, eztabaida handia zegoen hartu beharreko neurriekin… Mundu mailan gertatzen ari zena ezin sinetsi geunden». Gehiago ere kontatu digu: «egoerak zahar etxearen berrantolaketa eskatzen zuen eta ez zegoen denborarik dena lasai eta ongi pentsatuz egiteko. Heriotzak hasi zirenean aunitz zaildu zen, kulpa eta inpotentzia sentitu genituelako. Estresa ere handia zen, lanetik kanpo ezin nuen deskonektatu».
Uda aldera lasaitu zen Elizondoko zahar etxean egoera, baina ondorioak ez: «halako konfinamendu baten ondotik, xaharrek ondorio handiak izan zituzten, denbora aunitz pasatu zuten leku arras ttiki batean itxita eta orduan oraindik ere ezin zuten beren betiko bizimodua berreskuratua». Geroztik bilakaera ona izan du koronabirusak zahar etxean eta «kasu guti» izan dituztela eta «kontrolpean egon direla» azaldu du. Momentu honetan «birusarekin nahiko lasai» dabiltzala dio, «baliabideak hobeak dira, diagnostikoa erraztu da, txertaketan ibili ziren…», eta horrek «lasaitasun pixka bat eta itxaropena ematen du».
«Nekea sumatzen da zahar etxeko langileen eta egoiliarren artean. Gogorra da noiz arte iraunen duen ez jakitea»
Leire BARRENETXE SANCHEZ
Baina bidea luzea izan da eta «luze egiten» ari zaiola aitortu digu. Urtebete pasatu da dena hasi zenetik eta «nekea sumatzen da bai langileen bai egoiliarren artean. Gogorra da noiz arte iraunen duen ez jakitea».
Enpresarekin tirabirak
Kasuak «kontrolpean» badituzte ere, zahar etxea kudeatzen duen IDEA enpresarekin dituzte orain tirabirak. Langileek salatu dutenez, enpresak egunetik egunera langileak gehiago estutzen eta mehatxatzen ari da. Barrenetxek nabarmendu duenez, «enpresaren gestioarekin arazoak pandemiaren aitzinekoak dira». Baina bere irudiko, «pandemiarekin gabeziak agerian gelditu dira. Ondorioak daude eta dirudienez, hori ere langileek ordaintzea nahi dute».
Zaintza emakumeen eskuetan
Osasun langileen artean, «gehiengoa emakumezkoak» direla ere oroitarazi nahi izan du azpilkuetarrak eta horrekin batera, «zaintza, historikoki emakumeen eskuetan egon den lana» dela gaineratu du: «horren ondorioek gaur egunera arte iraun dute». Baina «zorionez, pixkanaka aldatzen doan zerbait da» bere ustez. Hala ere, hortik haratago, pandemiak «arlo aunitzetan» izan duen eragina azpimarratu nahi izan du: «kaltetuak gizonezko eta emakumezko aunitz izan dira: ingurukoen heriotzekin, galdera ekonomikoekin, buruko osasun arazoak areagotu direlako… Aunitzengan arrasto handia utziko du».
«Pandemiak aunitzengan arrasto handia utziko du»
Leire BARRENETXE SANCHEZ
Gehiago ere adierazi nahi izan du: «Informazio ugari eta denetarikoa jasotzen dugu alde guzietatik, baina aldi berean, ezjakintasuna eta zalantzak ditugu. «Batzuk lan gehiegirekin ibili gara eta bertze batzuk lana egin nahi eta ezin. Fikziozko pelikula batean gaudela dirudi, norbaitek idatzitako distopia batean. Hala ere, denbora ez da gelditzen eta noizbait hau dena oroitzapen hutsa izatea espero dut».