Ostalaritzan ari zen lanean, baina lanik gabe gelditu zen: «Pandemiarekin sektore kaltetuenetako bat ostalaritza izan da eta ostalaritzako langileak lan gutiagorekin edo gabe gelditu gara». Bere kasuan, «bizibidea ateratzeko behar genuen lanik gabe» gelditu zen. Aitortu digunez, «haurren aitak laguntzen du baina ez da nahikoa. Gastu aunitz izaten dira eta nik lana izanen banu aunitzez hobeki egonen ginateke».
Lanerako aukera berrien bila, «soziosanitario ikastaroa» egin du: «irailean hasi eta otsailaren 8an akitu genuen. Otsailaren 9an praktikekin hasi ginen eta otsailaren 24an akitzekoa genuen». Baina egun batzuk lehenago utzi behar izan zituen praktika horiek, konfinatu zutelako. Dioenez, «ikusi beharko dugu zer ateratzen den hortik». Baina ez ditu ateak itxiak eta aukerak ikusten ditu: «Covid-19agatik eskaera handiko lana da».
Urte zaila izan dela aitortu du, «lanik ez izatearen kezka eta kutsatzeko beldurra» presente izan baititu tarte horretan guztian. Horren ondorioak ere ez dira samurrak izan: «gauza batek bertzea ekartzen du eta antsietatea, estresa...» eta gehiago sentitu dituela kontatu du. «Seme-alabak ere etxean gehiago egoten dira, eskolaz kanpoko ekintzarik gabe daude, eta horrek estres gehiago sortzen du».
«Matxismo handia»
Garbi du pandemiaren ondorioak okerragoak izan direla emakumeengan, bertzeak bertze, «zaintza lanetan lehenbiziko lerroan aritzen garenak emakumezkoak garelako. Gizonezkoak ere gero eta gehiago dira, baina etxean eta lanean bereziki emakumezkoak arduratzen gara zaintzaz». Alde horretatik, «pandemiak gizonezkoak baino gehiago zigortu gaituela erranen nuke».
«Pandemiak gizonezkoak baino gehiago zigortu gaitu eta emakume etorkinen kasua are okerragoa da»
Ruth ORTEZ HERRERA
Ez hori bakarrik. Emakume etorkinen kasua «are okerragoa» iruditzen zaio: «lehen lan aukera guti genituen, eta orain, pandemiarekin, oraindik gutiago. Horrek estres handia sortzen du». Gainera, kezka bikoitza dela dio, sorterrian duen familiaren egoerak ere kezkatzen baitu: «hemen kutsatzeko beldurra eta lanik ez izatearen kezka sentitzen dugu, eta gainera, urrutira dugun familiaren egoerak ere kezka sortzen digu. Herrialde haietan txerto eta tratamendu gutiago dago...». Honela azaldu du: «hemen familia bat psikologikoki, ekonomikoki eta emozionalki mantendu nahi dugu eta gauza bera egin nahi dugu urrutira dugun familiarekin, eta ez da erraza».
Berdintasunerako bidean «oraindik izugarri egin» behar delakoan dago Ortez, «matxismo handia» ikusten duelako. Bere ustez, badira horren adibide argiak: «aunitzetan emakumezkoek baino dezente gehiago irabazten dute gizonezkoek, emakumeok etxe barnean eta kanpoan lan egiten dugu eta etxe barnekoa ez da aitortua, behatzarekin klik egin eta dena bere tokian dagoela pentsatzen dute aunitzek...». Bere irudiko, «oraindik ere genero desberdintasun handia dago arlo guztietan, bai etxean, bai lanean, bai bikoteen arteko harremanetan... Aunitzek ezetz erranen duten arren, nire ustez, bide luzea dugu egiteko».