M8 Emakumeen Nazioarteko Eguna 2021

Begoña Arizmendi eta Ainara Unanua ama-alabak izan dira bizkorrenak Lilatoiko ipar-martxa modalitatean

Ttipi-Ttapa 2021ko mar. 10a, 11:00

Martxoaren 5etik 8ra bitarte, 5.703 emakumezkok egin zuten Lilatoi birtuala eta eskualdeko kirolariak fin ibili ziren. Lasterka, junior kategorian, Lorea Zubieta aranztarra izan zen bizkorrena, eta ipar-martxa modalitatean, berriz, Begoña Arizmendi baztandarra izan zen bortz kilometroko ibilbidea osatzen lehenbizikoa. Ainara Unanua baztandarra, berriz, seniorretan lehenbiziko postuan gelditu zen.

135 lagunek aukeratu zuten ipar-martxa modalitatea Lilatoi birtuala egiteko. Tartean izan ziren Begoña Arizmendi Bereau eta argazkian berarekin ageri diren Mari Atxa Mindegia, Mirentxu Intxaurrondo Arraras, Arantxa Azpiroz Alkoz eta Sonia Lopez Igartua. Sasoiko daudela erakutsi zuten, eta horren seinale da ipar-martxako sailkapena. Begoña Arizmendik osatu zuen bortz kilometro ibilbidea lehenbizi, eta sailkapen orokorrean, baita 60 urtetik goitikoen kategorian, 37:48ko denbora eginda, bera da lehenbiziko postuan ageri dena. Ainara Unanua Arizmendi alaba, berriz, sailkapen orokorrean hamalaugarrena da, eta seniorren mailan, lehenbizikoa, 41:37ko denbora eginda.

Ainara Unanua ipar-martxa modalitatean Lilatoia osatzen.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun