Euskara sustatzeko Erabiliaz ariketa abian da Baztango hainbat ikastetxetan

Ttipi-Ttapa 2021ko mar. 10a, 13:06
Amaiurko eskolako ikasleak 'Euskaraz bizi nahi dut' logoa margotzen.

Baztango ikastetxeetan abiatu duen ariketa Euskal Herri osora zabaltzeko asmoa du Euskalgintzaren Kontseiluak.

Euskararen etorkizuna bultzatzeko haur, gazte eta nerabeen belaunaldia ezinbertzekoa dela iritzita, Euskalgintzaren Kontseiluak gazteak euskarara eta euskal kulturara hurbiltzea helburu duen Erabiliaz egitasmoa abiatu du. 

Baztango ikastetxeetan eman diote hasiera proiektuari eta momentuz Baztan Ikastola, Elizondoko, Amaiurko, Iruritako, Erratzuko, Arizkungo, Oronoz-Mugairiko, Azpilkuetako, Arraiozko, Gartzaingo eta Lekarozko eskola eta Lekaroz BHI institutua dira parte hartzen ari direnak. Aitzinera begira, ordea, Euskal Herriko hainbat zonaldetako ikastetxeetara zabalduko dute egitasmoa. Apiriletik ekainera, erraterako, Donostialdean landuko dute eta bertze zonaldeekin harremanetan jarriko dira ekimena irailetik abendura martxan paratzea proposatzeko.

Euskara eta euskal kultura ardatz dituzten sormen lanak
Ariketa honek Euskaraz bizi nahi dut lelopean euskara eta euskal kultura ardatz duen lanak sortzera bideratzen ditu gazteak, ondotik webgune batean edota bertzelako euskarri batean ikusi ahal izanen direnak. Haur Hezkuntzan marrazkiak eta abestien koreografiekin egindako bideoak; Lehen Hezkuntzako lehenbiziko eta bigarren zikloan marrazkiak eta euskarari buruzko abestietan oinarritutako bideoak; hirugarren zikloan marrazkiak eta ipuin motzak; eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan, Batxilergoan eta Lanbide Heziketan bertsoak, ipuin motzak, logoak, Egunean Behin jokoa, Youtube saila, dokumentala, bideo motza... landuko dituzte. Haur Hezkuntzakoen marrazkiak martxoaren 13rako idazkaritza@kontseilua-eus helbidera bidali behar dituzte eta bideo-koreografiak bidaltzeko martxoaren 31ra arteko epea dute. DBHkoek, berriz, lanak apirilaren 16rako bidali beharko dituzte. 

Ariketan parte hartzea saritu eginen dute, lanketaren bukaeran parte-hartzaile bakoitzarentzat opari txiki bat edo gelarako opari sorta bat emanez. Horrez gain, Baztan Abentura Parkerako sarrerak ere zozketatuko dituzte. 

Aurrekariak

Haur, nerabe eta gazteen artean euskararen erabilera bultzatzeko helburuarekin, antzeko ekimena egin zuen Kontseiluak 2017-2019 urteen artean hezkuntzan, orduan Bizi-Bizi jokoa erabili genuen helburu hauek lortzeko. Joko interaktiboa zen eta maila guztietara egokituta jokatzeko aukera bazegoen ere, motz gelditzen zen helburuak erdiesteko saiakera horretan. 2020an ikastetxe eta udal batzuetatik jokoarekin jarraitzeko aukeraz galdezka aritu ondotik «bertzelako aukerak eskaintzeak duen garrantziaz» jabetu ziren.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun