Urki LIZARRIBAR BAKAIKO

«Bizi dugun egoeran inork ez digu defentsak indartzeaz solas egiten»

Ttipi-Ttapa 2021ko mar. 21a, 11:00
Urki Lizarribar arizkundarra.

Urki LIZARRIBAR BAKAIKO, Arizkungo erlezaina (Orraxa eztia).

Aitarekin batera, erleen gibeletik ibiltzen zen haurtzaroan Urki Lizarribar Bakaikoa (Arizkun, 1986). Pixkanaka, txirrinta piztuta, ikastaroak egin eta bide hori segitzea erabaki zuen.

Gaur egun, erlezaintzari lotuta bizi da: «udaberri-udan erleen bueltan ibiltzen naiz, udazkenean haztegietan eta neguan bidaiatu bitartean ikasten edo eztia banatzen».

Zaila izan zen erlezaintza lanbide bihurtzeko erabakia hartzea?

Bai eta urtero birpentsatzen dut. Erleak izatea ez da behiak izatea, lanbide ezegonkorra da. Eguraldiaren arabera, gure lana aunitz aldatzen da eta urte batean balio duenak hurrengoan ez du balio izaten...  Horrez gain, nekazari guztiok bezala, erlezaintzan ari garenontzat administrazioa da problemarik handiena...

Erlezaintzatik bizi daiteke?

Ni gaur egun hala bizi naiz, baina urte batzuez neguan bertze lan batean aritu naiz. Bizimodu xumea izanez gero, hipotekarik gabe, bizi daiteke. Hala ere, azken urteetan jende aunitzek bide hau hartu du eta ez da erraza...

Zenbat erle dituzu?

Ezinezkoa da hori jakitea, 400-500 bat ditudala erranen nuke, baina hori neguko heriotza- tasaren araberakoa izaten da. Lehen erleen %20 hilez gero penagarria zen, orain, berriz, kontent egotekoa. Gero eta gehiago hiltzen dira, %50 edo…

Erleak zaintzeaz gain, eztia egiten duzu...

Bai, erleak zaindu eta saldu egiten ditut eta, urte ona denean, eztia ere egiten dugu.

Noiz hasi zinen eztia egiten?

Etxean beti izan dugu, eta hori oinarri izanik, ikasten aritu naiz. Aragoin hiru urtez 1.000-1.500 erlauntz zituen erlezain batendako lanean aritu nintzen eta aunitz erakutsi zidan. Argentinan, Zeelanda Berrian… bidaiatu bitartean ikasteko aprobetxatu dut.

Nola izaten da eztia egiteko prozesua?

Urtean zehar erleak zaindu behar dira: parasitoak hil, elikatu, indartsu eduki… Loraldia heldu den momentuan espazioa eman behar zaie. Bertzela, erreginak alde egiten du, bertze etxe baten bila. Horrez gain, zer loraldi datorren aurreikusi behar izaten dugu eta, horren arabera, kutxak paratu. Erleek eztia ontzen dutelarik argizari geruza batekin ixten dute eta hori kontrolatu, etxera ekarri eta operkulua kendu behar izaten da. Nik eskuz egiten dut, ez dut horretarako tresnarik. Ondotik zentrifugatu eta ontzi biltegietan sartzen dut. Hor 15 egunez egoten da, zentrifugatzean hartu duen haizea gal dezan.

Zer ezti barietate egiten dituzu?

Urtearen araberakoa izaten da ekoizpena. Lore bakarreko eztia ateratzen saiatzen naiz, txillarra edo akazia erabiliz. Baina, denborak ez badu laguntzen mila lore bezala ateratzen dut. Hemen eta Erriberan izaten ditut erleak eta bi klimetakoak ateratzen saiatzen naiz: erromeroa, ezkaia, gaztan eztia... ere izaten ditut. Han otsail alderako erromeroak loretan daude eta hemen maiatzera arte… Bi hilabete aitzinatzen da eta horrekin jokatzen dut.

Zein da zure eztiaren berezitasuna?

Bertakoa dela, benetakoa. Barietatearen arabera ezaugarri batzuk edo bertze ditu. Txillarrak zapore gehiago du, indar gehiago; erromeroa suabeagoa da… Gero eta zailagoa da uzta ona izatea, eguraldia aldatzen ari delako. Ondorioz, beti ez ditut ezti barietate guztiak. 

Zer ezaugarri on ditu eztiak?

Nutrizionista bati galdetuz gero azukrea dela erranen dizu. Nik, herri jakintzak dioen bezala, bertze aminoazido eta gatz mineralak dituela erranen nuke. Ez da zintzurra goxatu eta katarroa sendatzeko bakarrik. Urte guztian polen kantitate txiki bat hartuz gero udaberrian, alergia agerraldiak izaten diren momentuetan, gorputzak hori ezagutzen du eta erreakzioa ez da horrenbertzekoa izaten. Bizi dugun garai honetan inork ez digu defentsak indartu beharraz solas egiten, maskaraz eta txertoaz baizik.

Gizartea onura horiez jabetzen da?

Zer ezaugarri dituen badakitela erranen nuke. Hala ere, ez dakit behar den balioa ematen zaion. Azken batean, supermerkatuan saltzen duten eztia, nik mielda deitzen dudana, hiru eurotan saltzen badute... Niri eztia bera ekoiztea hori baino gehiago kostatzen zait. Doneztebe, Bera eta Elizondoko fruta dendetan saldu arren, gehiena salmenta zuzenaren bidez egiten saiatzen naiz eta merkatuetan saltzen dut gehien. Aurtengo egoerak zuzen-zuzenean kolpatu nau.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun