Baztango Udalak herritarren eskura paratu du bi urtez egindako konposta

Ttipi-Ttapa 2021ko mar. 5a, 19:00

Konposta fintzeko hormigoi-makina eta konpost pila, Iruritako Loizu inguruan.

Berrikuntza gisa, hormigoi-makina egokitu bat prestatu dute nahi duenak konpost gehiago bahetzeko. Hondakinen Zerbitzuak Loizuko zelaian (Irurita) utzi du orain arte bildutako konposta eta baratzeak edo loreontziak ongarritzeko nahi duen guztiak, handik har dezake behar duena.

Miren Meoki hondakinen teknikaren arabera, «zikloa ixtea da kontua, konposta aprobetxatzea, kalitatezko konposta egitea lurra ongarritzeko, eta, azkenean, abiapuntura itzultzea». Baztanen gero eta gehiago dira konpostajea egiten dutenak eta, beraz, gero eta konpost gehiago sortzen da, «baina desoreka dago konposta egiten dutenen eta konposta erabiltzen dutenen artean». Izan ere, etxeetan bizi diren eta hondakin organikoak konpostagailu komunitariora botatzen dituzten pertsonek, normalean, ez dute konposta behar izaten; konposta etxean konposta egiten dutenek, berriz, sortzen dutena baino gehiago behar izaten dute, aunitzetan lurrak izaten baitituzte ongarritzeko. Horregatik, dena bildu eta behar duenaren eskura paratzen da.

Meokik dioenez, «aurten inoiz baino konpost gehiago dago, iaz ezin izan zelako banatu, denak konfinatuta geundelako». Bi konpost mota banatuko dituzte: gordinean, baratzeak ongarritzeko erabiltzen dena eta bahetutako konposta, finagoa, loreetarako. Aurten, proba gisa, hormigoi-makina egokitu bat jarri dute jendearen eskura. Nahi duenak erabil dezake konposta barrenean sartu eta bahetzeko, finagoa izan dadin. Tresna Iruritan dago, Loizuko zelaian, eta erabiltzeko luzagarri bat eraman eta paratu bertzerik ez da egin behar. Zalantzarik izanez gero, 667 80 85 39 telefonora deitu behar da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun